Herri guztietan badira gazte eta helduak gau giroan elkartzen diren lekuak. Horietan ere jendea bizi da. Eta hurrengo egunean, kalera ateratzean, zabor eta usain desatseginen artean ibili behar dute. Antza, gaueko hizketaldiak edo parrandak horretarako eskubidea ematen du, zikintzeko. Altsasuko Larrainbide kaleko auzokideak garbitzeaz nekatu dira. “Erabilera publikokoa denez, ez da gure egitekoa, udalaren ardura da”. Baina jendeak paperontziak erabiltzen ez dituenez, udaletako garbiketa zerbitzuak ez dira toki guztietara iristen. Sakanan halako makina bat gurpila daude bueltaka.