Bizitzarekin zer egin pentsatzen dugun bitartean gertatzen den hura da bizitza bera, dio Claudio Naranjok, eta ni ados.
Astindu ederra izan dugu berriki, heriotza bere segarekin etorri eta hantxe eraman du gure laguna.
Hotzak jota, hutsuneak irentsita, bihotza ihartuta gaude.
Zeri heldu?
Metafisikari atxiki natzaio beste behin ere. Bizitzaren inguruko gogoetan murgildu naiz berriz ere, eta oraingoan, beti bezalaxe, misterioarekin topo egin dut.
Nondik ote dator?
Galdetzen diot neure buruari, lau hilabeteko alabari so. Lekuren batetik bada, ederra izanen da tokia, zalantzarik gabe.
Eta hildakoak, nonbaitera joango ote dira?
Heriotzak bizitzara lurreratu nau, dudarik gabe, eta alderantziz.
Fritz Perlsek zera zioen: Erokeria kolektiboaren grina, dena kontrolatu nahi izatean datza, eta hortxe aurkitzen dut nire burua, azalpenak, ulermenak dakarren kontrol horretara iritsi nahian, finean, sakoneko oinazeari erantzun bat eman nahi eta ezinean.
Oinazeari gordinki aurre egitea oso zaila suertatzen zait, honen aurrean, erantzunik gabeko galderetara jotzeko joera dut sarri.
Hasierako esaldira itzuliz, galdera hauek guztiak pentsamenduak direla ohartzen naiz, bizitzatik aldentzen nauen amaitezinezko labirintoa.
Bizi nadin, beraz…
Halabaina, zer da bizitza bera? Nola litzateke BIZITZEA?
Misterioa onar dezagun, dio Naranjok.