Amaiezinak dira gaur egun albistegietan jasotzen ditugun gatazken eta gerrateen inguruko berriak. Bortitzak, latzak, kezkagarriak, mingarriak, lotsamangarriak dira niretzat. Biziki (ala hilkorki) amorrarazten eta tristetzen naute, sabelaren sakonean oinazea, bihotzaren bihotzean ziztada. Zer egin honen aurrean?
Beste norabait begiratzea tentagarri egiten zait, ezin aldiz, ekidin bonbaren hotsa, albistearen zartada mutur parean eta hildakoen garraxia ariman.
Zer egin honen aurrean?
Aspaldian badakigu zeinen manipulatzailea den boterea, eta nolako ustela dagoen bizi garen sistema. Frustragarria eta nekagarria egiten zait sistemaren kontra jotzea, hala ere hain beharrezkoa sentitzen dut bakea…
Claudio Naranjok parekotasun bat egiten du mundua eta norberaren artean. Sistema patriarkalak baduela patriarka txiki bat gutako bakoitzean dio (ez gara alferrik jaio sistema honetan). Beraz, teoria honen arabera, denok badugu esplotatzaile bat gure baitan, agintari bortitza eta gure beste parteen gainetik boterea hartzen duena. Baina ez dugu soilik patriarka, baita aita maitekor bat, baloreekiko maitasuna eta bizitzako bide zintzoa erakusten diguna ere badugu.
Zera ere badio, gure baitan ama bat bizi dela, maitatu egiten duena baldintzarik gabe eta gure barne zauriak besarkatzen dituena, arrazoia dena delakoa izanda ere.
Gure barne umea aipatzen du era berean Naranjok, gozatzea gustuko duena, jolastea, mugitzea, aske izatea, besteekin gorputzaren bidez harremantzea…
Barne aita, ama eta umeak zentzu sinbolikoan hartuta, ez literalean, noski. Ez nuke nahiko zentzua estereotipo eztabaida baterantz joatea…
Beraz, munduaren isla gure baitan dugula ados nago eta honek ate bat irekitzen dit, munduko bakeari modu mikroskopikoan laguntzeko: Nire barneko bakea jorratuz, landuz, zainduz eta egunero, egunero arreta eskainiz, munduko bakeari nire harri koskorra eskaintzen diot. Ahaztu gabe, noski munduan gertatzen dena eta nire esku dagoen hura egiteari utzi gabe.