Sansaastinak izan ditugu berriki Lakuntzan eta ekintza desberdinez beteriko egunak izan dira, hala nola: Txikien eta handien danborrada, ermitarako erromeria, bertako auzatea txistorra eta piperropilekin, alkate dantza, eskolako txaranga, piperropil lehiaketa, buruhandi eta erraldoiak…
Ez dira faltatu kuadrillen bazkari eta afariak, juerga, poteoa…
Hotza lagun, lakuntzarrek gure parte hartzearekin girotu dugu jela.
Beste festa ere hortxe izan dugu, prozesioa, barruko prozesioa, alegia.
Pote bat eta bestearen arteko isilune horretan norberak antzematen duena.
Elkarrizketa bat amaitu eta hurrengoa hasi aurretik, gogora datorrena.
Dantza, irria, algara eta pozaren atzetik dagoen hura.
Juerga eta gero, etxeko atea itxi eta hasten dena.
Beste festa, barne prozesioa besterik ez da.
Norberak gure baitan ditugun kezka, beldur, pertsona edota gai batetik ihes egiteko nahia, fantasia aitortu ezina, sakoneko tristurak…
Festak aukera ederra dira eguneroko errutinatik eta automatikotik atera eta poza eta juergari tartea egiteko, dantzarako, musikari leku eta espazio berezia emateko… Hala eta guztiz ere, ospagarria litzateke, ene ustez, barne prozesioa kaleratzea programa ez ofizialean sartuko bagenu.
Jorge Oteizak zera zioen, hutsunearen presentzia areagotzen zela masa desokupatzerakoan. Nik bezalaxe, batek baino gehiagok lagunaren hutsunea sentitu dugu festa hauetan, eta Lakuntzako San Saastinetako barne prozesioan egon zara, lagun. Gogoan izan zaitugu eta zugatik, zauden lekuan egonda ere, topa egin dugu.
Gora zu, gora gu, gora barne eta kanpoko festak!