Astekoa

Ene emeok, hitzatik has

Emea sentitzen naiz, eta ene gorputza sentimendu horrekin bat dator.

Titiak, titiburuak, areolak dauzkat; alua, klitorisa, bagina, umetokia, obuluak, obulategiak, Falopioren tronpak…

Geldi! Zer idatzi dut? Falopioren? Noren, Falopioren? 

Falopioren tronpak ez dira, inondik ere! Nireak dira, gureak! Ados nago berak anatomikoki ikusi edota aztertu zituela eta hortxe bere meritua, baina ene eta emakumeon gorputz atal bat beste norbaiten, gainera gizon baten izena jartzearekin ez nator bat. 

Amerikari Colonen herria deitzea bezala litzateke.

Gainera, kasualitatez ala ez, Falopiok, falo hitza du…Ejem! Nire ezezkoan areagotzen naiz. Ezezkoan jarraitzen dut. Ezezkoari eusten diot. 
Kritika sortzailea izan behar den iritzikoa naiz, beraz, jolasari ekingo diot Falopioren tronpei beste izen bat bilatu asmoz, hala nola eme tronpak, obulu bideak, obulu tutuak... Azken hori oso musikala eta afrikar kutsuduna iruditu zaidanez, horrexekin geratuko naiz. Obulu tutuak, bai.

Emakumeokin zerikusia duten eta esanahiari berrikusi bat eman nahiko nizkiokeen beste hitz batzuk ere badira, umetokia, adibidez. Uteroa erreprodukzioarekin guztiz lotuta dago hitz honetan eta gaur egun denok dakigu beste funtzio batzuk ere badituela, hona ba, izenarekin jolasteko ene iradokizunak: Gozalekua, hutsunemea, odolbide, urbitarte edota emetokia. Azken hori, orain artekoaren antzekoa denez, barneratzen errazena litzatekeelakoan nago. Gainera, nolabaiteko boteretzea erakusten duela uste dut.

Amaitzeko, alu hitzaren beste esaera negatibo, desbalorizatzailea, denok ezagutzen dugu, eta horrek triste jartzen nau. Beraz, hortxe ene eme hiztegirako azken proposamena, aluari ululili deitzea. Hau ere musika eta gozamena, natura eta kolorearekin lotuta.

Halaxe ba, hementxe emakumeon indartze eta boteretzerako bide honetarako nire hare pikorra: obulu tutuak, emetokia eta ululili.