Gona gorri-gorria, zazpi jostunek josia,
Goni gorre-gorrei, zozpu justenok jasoa.
Berriz ere maiteko dio gure aitak amari,
gure aitak amari,
gune gurrea ikurri… Dio abestiak.
Zeinen arraroa litzateke irakurtzea bokalak lekuz kanpo egonda! Izan ere, lekua garrantzitsua da. Garrantzitsua, esanguratsua, funtzionala, antolatzailea eta egituratzailea.
Hizkuntzaren kasuan, esanahia osotara aldatzen da, edota esanahia galdu ere. Ezinezkoa litzateke idatzi bat ulertzea bokalak lekuz aldatuta, alegia.
Familiaren kasuan ere halaxe gertatzen da. Familiako kide bakoitzaren lekua garrantzitsua da, esanguratsua, funtzionala, antolatzailea eta egituratzailea. Aita, aita dela, ama, ama eta umeak ume direla esatea txotxolokeria bat dela dirudi. Baina gaur egun hain garbi ez dagoela esatera ausartuko nintzateke.
Gurasoak, gurasoen eta umeak umeen lekuan egoteak zera esan nahi du: umeen ardura garrantzitsuena eta ia bakarra jolastea litzatekeela. Adin batetik aurrera etxeko lan batzuk eta ikasketak aurrera ateratzeaz aparte, besterik ez.
Dena dela, saltsa gehiegirik sortu ez dadin, jo dezagun sei urte arteko umeez ari garela. Jolasteaz arduratu behar direla esateak, alderantziz esanda, zera litzateke: ez direla arduratu behar zein arropa jantzi behar duten, ez dutela erabaki behar (beti) zer jan behar duten, ez dela beraien ardura oporretarako lekua aukeratzea, ezta arratsaldeetan hona edo hara joatea erabakitzea…
Laburbilduz, umeen ardura jolastea dela. Helduoi dagokigu hori erraztea eta umeei noizbehinka jostailuak aukeratzea.
Arropa hau ez, bestea jarri nahi duela, zapata hauek ez, besteak erosi nahi dituela, urdaiazpikoa ez, txokolatea merendatu nahi duela… Hori kudeatzea helduon lanik zailenetakoa dela esatera ausartuko nintzateke. Gatazkak, tira birak… Baina are gehiago ere esango nuke, umeek behin ulertzen dutenean ez dutela hainbesteko erabakirik hartu behar, lasaitu egiten dira. Bestela, letrekin bezala, ume batzuk aita direla uste dute, beste batzuk amaren bikotea, besteak, anaiaren ama… Eta horrelako nahaste-borrasteak suertatzen dira boterearen lekua argi eta garbi ez badago etxean.
Hala eta guztiz ere, gauza bat esatea da, eta bestea egitea… Besta bot egotea ate bistu bet egatia.