Udaberri honek, besteek bezalaxe, loratzeko aukera eman digu, Ama Lurrarekin bat eginda antzinako arbaso politeistek egiten zuten lez, naturaren elementuak gurtuz eta honen ziklo eta prozesuekin bat eginez.
Amaitezinezko gurpil batean urtetik urtera, inongo etenik gabe, berpizteko, loratzeko, umeak izateko… aukera izaten dugu. Ez du zergatik modu literalean izan behar, sinbolikoan ere izan liteke, eta soilik barne jarrera batean islatu.
Hau egiteko, aldiz, denbora behar da. Kontenplaziorako denbora. Paseoan joateko denbora, natura arretaz behatzeko denbora, isiltasunean txorien kantak entzuteko irekiera… Antolatu gabeko denbora eskasa daukagula esatera ausartuko nintzateke. Lana, umeen eskolaz kanpokoak, etxeko lanak, erosketak…
Gero, norberak, bere aukera eginen du, eta noski, oso errespetagarria da. Dena dela, udaberriak dakarren irrika eta zirrara azpimarratu nahiko nuke, udaberria, aukera bat baita. Aukera bat! Berriro ere errepikatuko dut, aukera bat! Iragarkietan behin eta berriz esaten diguten bezala, eskaintza, pagotxa, mauka da. Eguzkiaren argitasunari eskerrak, energia gehiago daukagu, argitasun gehiago…
Ez da gaia berria, berria ezta inondik ere, garaian garaiko poeta eta idazleek goratu eta goraipatu dituzte udaberriaren loratzeak. Originaltasunari uko eginez, ni ere goreste honetara gehitzen naiz. Aizue, udaberrian irri, irri. Egin dezagun hutsune bat gure baitan, gure betetako agendan eta joan gaitezen naturaz blai egitera. Segi loreak behatzera, sendabelarrak hartzera, txoriak entzutera, errekak ikustera eta inguruaren berdetasunaz gozatzera. Orain da momentua!
Polita litzateke ere, kanpoan gertatzen ari den mugimendu hau gure baitara ekartzea. Ausar gaitezen, beraz, gure baitako lore ederrak munduari oparitzera. Inongo ekaitza edota kazkabarraren beldurrik gabe, izan ere, loratzearen ekintza baita ederrena, ez lore horrekin zer gertatuko dena. Ama Lurrak egiten duen bezala.