Amatasuna gaitasun bat da eta ez dauka umeak izatearekin zerikusirik. Ezta kumeak izatearekin ere.
Hartz emeak, esaterako (ez dut ongi gogoratzen zein mota zehatzekoak diren) bi kume dituenean soilik batengan jartzen du arreta horren bizirautea ziurtatuz. Olagarro amak bere milaka kumeak inkubatzen dituen bitartean ez du deus ere jaten. Jarri dituen lekuaren sakontasunaren arabera, denbora gehiago edo gutxiago eman dezake inkubatzen. Lau urte eta erdira irits daiteke denbora gehien ematen duenak. Bere kumeak jaiotzearekin batera, hil egiten da. Literalki, kumeengatik bizia ematen du.
Euskaraz umea izatea adierazteko erditu hitza erabiltzen dugu eta niri gogoeta suertatzen zait: Orduan, bigarren umea dugunean, laurdendu izango litzateke? Eta hirugarrenarekin zortzirendu esango genuke? Ez naiz sekula ona izan matematiketan, baina logika baduela esango nuke.
Honekin eta animalien kontuekin, zera esan nahi dut: alde batetik, amatasunak, nire esperientzia motzetik, bederen, sakrifizio bat suposatzen duela, norberaren denbora eta aurreko bizitzari agur esate bat.
Bestetik, eta hartzaren kontura itzuliz, erraza litzateke esatea krudela dela hartz amak hartzen duen erabakia gizakion ikuspuntutik. Hala ere, haren sena dena da, eta nork daki hartz amak sufrituko ote duen, edota kumeek nola bizituko duten. Gizakion ikuspuntutik zer den ona, zer txarra, zer egokia eta zer desaproposa zalantzan jartzea gustatuko litzaidake. Guk ere badugu animalia sena bat, guztiz atzean utzita modu kontzientean, eta jokoan dagoena inkontzientean. Honek, deskonexioak eta balore sistemek asko sufriarazten digute, gauzak izan beharko liratekeen bezala ez direlako.
Zortzi egun erditzen eman zuen ama bat ezagutzen dut eta denbora luze bat pasa zen bere umea onartu eta maitatu arte. Egoera horretan, zer da ona? Nola izan beharko litzateke?
Laburbilduz, amatasuna amaz harago doala esateaz gain, amekiko irudi maitekorraz gaindi joatea ere gustatuko litzaidake, finean, zama bat izan baitaiteke beti maitekor izatea.