Kolaborazioa

Navas de Tolosa, 1212ko garilak 16

Juan de Mariana Aitak, on Rodrigo artzapezpikuari jarriki, Navasko batailaren akaberaz dio: "ihesaldia oso handia izan zen, sarraskia ez txikiagoa, hain garaipen handiak eskatzen zuena. Bataila hartan berrehun mila mairuk bizia galdu zuten eta haien artean erdia zaldunak izan ziren; beste batzuek kopuru horri erdia kentzen diote. Mirari handiena, fededunen artean hogeita bost baino gutxiagok galdu zutela bizia, don Rodrigo artzapezpikuak aditzera eman zuen moduan; beste batzuek baieztatzen dute ehun eta hamabost izan zirela, kopuru txikia bata eta bestea halako garaipen ospetsuarendako. Beste mirari bat, hainbeste mairu hilda ere, handiagoaz ez ziren oroitzen, zelai guztian ez zen odol arrastorik ikusi, don Rodrigok emandako testigantzaren arabera". 
Antxo Azkarrak Jimenez de Radari Alfontso VIIIak protagonista zituen gai irristakorrez jarduteko mandatua emana zion, 1207tik gaztelar liskartiaren zerbitzuan igotzen, eta ez gutxi, gelditu zen. 
Hain benetakoa izan omen zen borroka hura, Iruñeko katedraleko burdin hesi ospetsuaren burdinaren jatorriaren parekoa, kontatzen dutenaren arabera musulmanen armadako kateekin forjatua baita, eta Orreagako monasterioan ikus daitekeen esmeralda kolonbiarraren benetakotasun maila berekoa, eta Nafarroako armarriaren burugabekeria errematatzeko balioko zuena. 1917an diseinatutakoa, dirudienez, begirada ilargian zela eta ez inguruan. Hobe litzateke lehen gurutzadako Nafarroaren estandarteari erreparatu baliote, hondo gorriaren gainean urrezko zortzi ezpata zituen erdigunera begira, eta haien esku babesek kateatutako marrazkia osatzen zuten. 

Errege nafarra, Antxo VII.a Azkarra, 200 bat arimekin joan zen, bere ohiko bidai luzeetako premietara egokitutako kopuru estua, zeren notarioen, idazkarien, medikuen, botikarien, zirujauen, gurdizainen, zurginen, jostunen, errementarien, sukaldarien eta sukalde laguntzaileen artean gutxienez dozena bat jaun eta haien laguntzaileak konta behar ziren, baita soildutako garondoren bat Jainkoak lagun joateko; berrehun horiek Yacuben armadaren kanpalekua zartagin, trebera, burruntzi, bizar laban eta labanekin eraso zutela pentsatzeak azalduko luke batailan odolik ez egotea, mairuak barrez lehertuta hilko bailirateke. 

Antxo bere lagun Miramamolin Alnasir Mohamed ben Yacub dendan sartu zela uste izatea erraza da, eta ezti eta pikillo pote batzuk eramanez, baita ardo gorri porroia, bere mahomatar lagunari ez baitzion urdaiazpikoa edo txistorra eramanen. 

Alfonso VIII gaztelarrari ez lioke ezer eramenen, etsai tematia, errege nafarra almohadea, Marokoko erregea, laguntzen ari zen bitartean Araba eta Gipuzkoa okupatu zituen; bueltatzea hitz eman zuen, baina hitza ez betetzean, suntsitzaileagoa izanen zen armada iritsi zen, "hemen, artzapezpikuak esaten zuen, Gaztela bukatzen da", 1195eko garilaren 19an izan zen, Alarcosen. Zetorrena ikusita, Aita Santuaren aurrean ziurtatu zuen on Antxori usurpatutakoa bueltatuko zuela, eta hala izanen zela sinetsita Yacubengana joan zen Antxo, eta balentria azaldu zion, hala bada, bataila handia izan zen, diplomatikoa, lurra ez zen odolez tindatu, eta egiarekin hain etsaitua zegoen artzapezpiku hura horretan bakarrik dirudi fidagarria; zeren Alfonso VIII.aren zelako zurean Andre Mariaren irudi bat zegoela eta arabiar arkularien geziak hurbiltzean jaurti zituztenen kontra bueltarazten zituela sinestea nahiko zaila da, nahiz eta mahuka artzapezpikuaren meza jantziaren mahuka baino zabalagoa izan. 

Nafarroako ezkutuko kateak Navaseko kontakizunaren legendarekin lotzen dute, espazio publikoak izendatzen dituzte, Maezturi Diputazioko jauregiko paretak margotzea enkargatzen diote eta Huelgasko tapiz mozarabiarra faltsifikatzen dute, tronuaren saloian jarriz, jakinik 1212ko Navasen zentzurik ez duen ez zutoihala, ez bandera ezta militarren enblema dela. Ezjakintasun alarde handia eginik 1954an hala zintzilikatu zuten, eta, zoritxarrez, zegoen arrano doratuaren ordez han jarraitzen du. Noiznahi bada garaia dagokion tokira hegan bueltatzeko eta tapiz esperpentikoa erretiratzeko, Navas de Tolosaren pareko arduragatik.