"Niretako lorategian izateko zuhaitz aproposena da"

Erabiltzailearen aurpegia Rebeka Mendoza Caro 2020ko urt. 10a, 11:31

Harrigarria da olibondoak Sakanan topatzea, Olatzagutian adibidez, Urbasako magalean olibondoz inguratutako etxe bat dago. Bertan, Jose Migel Etxandia bizi da. 

1. Zenbat olibondo dituzu eta zergatik landatu zenituen olibondoak?


Zortzi olibondo ditut. Hosto iraunkorreko zuhaitzak etxean apaingarri bezala jartzeko nahi genituen eta olibondoak jartzea bururatu zitzaigun.

2. Nondik ekarri zenituen olibondoak?


Tafallatik ekarri genituen. Bertatik handiak zirenean atera eta hemen birlandatu genituen.

3. Orain dela zenbat urte birlandatu zenituen?


Orain dela 15 urte. Baina zuhaitzek 200 urte inguru izango dituzte.

4. Nola izan zen garraiatzeko prozesua?


Tafallan induskailu baten bidez atera genituen, gero trailer batekin hona ekartzeko. Hemen bitartean zuloak prest genituen beste induskailu batekin egindakoak eta etorri bezain laster birlandatu genituen. Prozesu hori egiteko zuhaitza guztiz kimatuta dago, bakarrik adar nagusiak uzten zaizkio. Prozesuan zehar zuhaitzak sufritu arren gero erraz berpizten da.

5. Zer moduz moldatu ziren?


Zuhaitz espezie hau habitat guztietara ongi moldatzen da.

6. Klima honetan ez al dute sufritzen?


Neguan bakarrik. Elurrak haien adarrak puskatu ditzake, dena den, erne ibiltzen naiz eta makil batekin sobera duten elurra kentzen diet.

7. Baten bat inoiz gaixotu da?


Ez. Gainera, ez mihurarik ez antzeko plagarik ez dute izan.

8. Fruiturik ematen dute?


Bai, baina ez du pena merezi hartzea, oso txikiak dira. Lehen esan bezala apaingarri gisa erabiltzen ditugu, fruituari ez diogu kasurik egiten.

9. Zenbat aldiz kimatzen dituzue?


Bi urtetan behin kimatzea gomendagarria da. Baina zuhaitzari eman nahi diozun formaren arabera gehiagotan kimatu dezakezu.

10. Inoiz ureztatu dituzue?


Oso ur gutxi behar dute; agorrilean bakarrik, bero handia egiten duenean, ureztatzen ditugu.

11. Ez zara damutzen olibondoak ekartzeaz?


Batere. Oso esperientzia ona izaten ari da eta hauek baino handiagoak ekartzeko asmoa dut. Niretako lorategian izateko zuhaitz aproposena da, urte osoan berde dago, erabilerraza da eta beste landareekin ongi eramaten delako.