Kultur jarduerak tabernetan

Erabiltzailearen aurpegia Rebeka Mendoza Caro 2020ko urt. 13a, 12:10

Urteak joan ahala, tabernen dinamika aldatuz joan da. Dinamika berri horren parte kultur jarduerak antolatzea da, eta badaude Sakanan antolatzen dituzten tabernak; besteak beste, Barandi Taberna Olatzagutian, Haritza Taberna eta Arkatz liburu-denda Altsasun eta Pikuxar euskal txokoa Irurtzunen.  

Tabernak edariak eta pintxoak hartzeko leku bat izatetik, kultur eragile izatera pasatu dira leku askotan. Guaixek ere bere 25. urteurrena ospatzeko, Sakanako hainbat taberna zientzia laborategiak bihurtu zituen.  Tabernetako eskaintza berri honetaz asko dakite Aritz Barandiaranek, Igor Mintegik eta Elena Aldasorok eta Irati Gonzalezek. Haien tabernetara edota liburu-dendetara diziplina anitzetako sortzaileak eramaten dituzte. 

Noiz hasi zineten tabernan kultur jarduerak antolatzen?
Aritz. 2015eko irailean. Taberna garilean ireki genuen eta ikuskizunak irailetik aurrera izatea erabaki genuen, udazkena eta neguan jarduera gutxi daudelako herrian. 
Elena eta Igor. Orain dela hiru edo lau urte. Gure iritziz, Altsasun udaletik aparte beste eskaintza bat izatea beharrezkoa zen.
Irati. Lehenik eta behin Pikuxar taberna bat baino gehiago dela esan nahi dut. Tabernaz gain, elkarte bat gara. Pikuxarren sorrerarekin batera, orain dela 17 urte, hasi ginen kultura eta euskararekin lotuta dauden ekitaldiak antolatzen. Kopuruetan gorabeherak egon arren, urtero ekintza ezberdinak  antolatzen ditugu. 

Zergatik?
A. Lehen tabernak beste era batera funtzionatzen zuten. Gaur egun, aldiz, eskaintza zabalagoa da eta kontzertuen bidez jendea erakartzen saiatzen gara. Gainera, guk gustura antolatzen ditugu.  
E eta I. Aurretik, Haritzan kultur ekintzak egiten ziren. Arkatz liburu-dendan hitzaldiak antolatu nahi genituen, baina liburu-dendak leku gutxi duenez, elkarlanean hasi ginen.
I. Garai horretan, Irurtzunen euskara eta kultura bultzatzeko beharra ikusten zen. Herriko gazte batzuk elkartu ziren eta proposamen hau sortu zen.

Nola aukeratzen duzue zein artista ekarri?
A. Daten eta artisten arabera. Egutegia aztertu eta artistekin kontaktuan jartzen gara, batzuetan beraiek ezin dute baina hainbat kontaktu ditugunez beti proposamen bat aurrera ateratzen dugu. Hala ere, ez dugu orden bat jarraitzen, aste batean dj-ak izan ahal ditugu eta hamabost egunetara bakarrizketa bat… 
E eta I. Bertakoak ekartzea gustatzen zaigu. Salmentak kontuan hartzen ditugu ere, baina gehienbat gertuko idazleak dira, ahots handirik ez duten horiek.
I. Batzuetan bazkideak dira, beste batzuetan bazkideen ezagunak, beste batzuetan artista famatuak dira... Adibidez, behin sortzailea bera gurekin harremanetan jarri zen.

Zein arlotako sortzaileak dira? Musikariak, idazleak…
A. Gauza txikiak egiten ditugu, akustikoak, monologoak, magoak, mariatxiak… Formatu txikiko sortzaileak.
E eta I. Idazleak gehienbat. Antolatzen ditugun aurkezpenak irakurgai baten inguruan dira. Ilbeltzean, adibidez, La Fugako abeslaria bere poema liburua aurkezpen musikatu batekin aurkeztuko du.
I. Denetarik, taberna barruan erakusketak nabarmentzen dira, hiru edo lau astetik behin egiten dira. Kontzertuak izaten ditugu ere, eta azken urteetan liburuen aurkezpenak gailendu dira.

Jendearen arabera artista bat edo beste ekartzen duzue?
A. Jarduerak ez ditugu publiko jakin bati begira antolatzen. Hainbat ekitaldi antolatzen ditugu, jende nagusiarendako eta gazteendako berdin-berdin.  
E eta I. Norbait oso gustukoa baldin bada saiatzen gara berarekin kontaktuan jartzen, baina batzuetan ezin dute hona etorri editorialengatik edo besteak beste.
I. Proposamen interesgarri bat egiten badute baloratzen dugu eta aurrera atera daiteke, bai.

Zein maiztasunarekin antolatzen dituzue jarduerak? 
A. Hilero behin gutxienez, batzuetan bi. Irailetik maiatzera antolatzen ditugu. Sakanako negu tristeak alaitzeko.
E eta I. Hilabetean behin gutxienez, garaiaren arabera gehiago edo gutxiago prestatzen ditugu. 
I. Hilabetearen arabera, eguberri aldera gehiago antolatzen ditugu jendea libreago dagoelako. Noski, urtean zehar data nabarmenagoak daudela: inauteriak, festak... Egia esan, asteburutan oreka bat bilatzen saiatzen gara, denbora luzez ekitaldirik gabe ez egoteko.

Zein da garairik onena? Eta txarrena?
A. Garai ona negua, eta txarrena uda da. 
E eta I. Normalean uda okerrena izaten da eta onena negua, eguraldi txarrarekin jendea tabernara gehiago gerturatzen delako.
I. Taberna barruan egiteko gauzak badira neguan egiten ditugu eta udaberria aldera eta udazkenean kalean egin ahal ditugu, beraz garaiek ez digute asko kaltetzen.

Orokorrean, jendearen erantzuna nolakoa da? 
A. Orokorrean oso harrera ona dute, guk gustuko ditugulako antolatzen ditugu eta, era berean, jendeari eskaintza ematen diogu. Asteburu batzuetan Olatzagutian ezer ez dagoenean antolatzen ditugu eta jendeak asko eskertzen du. 
E eta I. Denetarik egon da, batzuetan 5 pertsona egon gara eta beste batzuetan 40 baino gehiago. Idazlearen arabera jende gehiago edo gutxiago gerturatu daiteke. 
I. Jendeak beti parte hartzen du, bai elkarteko jendea, bai herriko jendea bai alboko herrietako jendea ere. Oso pozik gaude, 2019 Gau-beltzaren ingurunean proposamen berri bat egin genuen eta oso arrakastatsua izan zen. Aurten berriz errepikatuko dugu segur aski.

Edonor bertaratu daiteke? 
A. Bai, ateak irekiak ditugu. Gure sare sozialetan zabaltzen ditugu, jendea gure Instagramen edota Facebookean gure ekitaldiak topatu ditzakete.
E eta I. Bai, beti gonbidapen bat Haritza tabernan edo Arkatz liburu-dendan hartuz etorri daiteke. Gonbidapenak dohainik dira eta jende kopurua zein den jakiteko dira. 
I. Ia denak jendearendako irekita daude, bai elkartean egiten diren jarduerak bai plazan edo kalean egiten ditugunak.

Urte honi begira, aurreratu al diguzue ekitaldiren bat? 
A. Bai, Santa Agedarako Ohian Vega dugu eta inauterietarako zerbait prest dugu baita ere. Aurrerago, garilaren 17an, gure V. urteurrena izango da eta zerbait berezia prestatzen ari gara. 
E eta I. Hasteko, ilbeltzaren 21ean La Fugako abeslaria Pedradas liburua aurkezten izango dugu, bere gitarraren laguntzailearekin etorriko da. Gero, Eguzkilore editorialarekin batera Haritza Bergara Jentilak liburua aurkeztera etorriko da. Esan beharra dugu ere, Toti Martinez de Lezearekin eta Almudena Cid gimnasta ohiarekin hizketan hasi garela. Azken horrek, haur literaturako liburuak argitaratu ditu eta orain euskaratu dituzte. Baina oraindik badugu lana datak zehazteko eta ekintzak prestatzeko. Hori bai, maiatza edo garagarrila aldera, ikasturteko kultur agenda despeditzeko, Ibon Martinekin bisita gidatu antolatuko dugu. 
I. Oraingoz data finkoak mantenduko ditugu eta urtea aurrera doan ahala jarduera berriak prestatuko ditugu ere. Momentuz inauteriak bertan ditugu eta horien inguruan zerbait egingo dugu. Dena den, ilbeltzean hitzaldiren bat egitea pentsatu dugu baina oraindik prestatzen ari gara.