Santa Marinako aireko zaindariak

Erabiltzailearen aurpegia Rebeka Mendoza Caro 2020ko abu. 24a, 13:17
Patxi Lopez, Mari Jose Aseginolaza eta Santi Lopez.

Mari Jose Aseginolaza, Patxi Lopez eta Santi Lopez parapentelari iturmendiarrak dira. Haien klubarekin batera, urtero garagarrilaren 10ean parapentelarien topaketa antolatzen dute Iturmendin. 

Aurten, beste ekimen batzuk bezala, ezin izan dute antolatu. Hala ere, haien hegaldiekin jarraitzen dute.

Nondik datorkizue parapentearen zaletasuna?
Egia esan, beti ibili gara mendian. Eskalatzen hasi ginen, baina txikitatik izan dugu parapentean ibiltzeko kuriositatea. Txikitan Santa Marinan delta hegalak ikusten genituen eta jakin-mina sorrarazten zigun.

Noiz hasi zineten hegan egiten?
Patxi 21 urterekin hasi zen; Mari Jose, 27rekin; eta Santi, 30rekin.

Zerk egiten du horren erakargarri?
Hegan egiteko sentsazioak. Oso polita da hegaldia mantentzea. Asko gozatzen da. Pirueta asko daude ere… Eta hoberena ondorengo bazkaria da.

Hasi zinetenean beldurra sentitu zenuten?
Ez asko. Pixkanaka egiten den prozesua da; hegaldi motzak egiten hasten da. Dena den, beti komeni da beldur pixka bat sentitzea, hegaldiei errespetua ez galtzeko.

Noiz eta nola sortu zen Baiza parapente taldea?
Taldea Deltako hegaleko talde batetik sortu zen. Jokin Aranbururekin hasi ginen hegan ikasten, eta gutxira, taldea sortu genuen, 1990ean. Taldeko egoitza Araian dago, eta, horregatik, Araban federatuta gaude.

Askotan elkartzen al zarete? Zenbat bazkide zarete?
50 pertsona inguru gara baina gehienetan elkartzen garenak 10 bat pertsona gara. 

Zein da taldearen helburua?
Taldearen helburua da beti baten batekin hegan egitea eta parapentearen erabilera sustatzea.

Aurten ezin izan duzue urteroko parapente eguna ospatu. Honen ordezko zerbait egin zenuten?
Bai, Santa Marinan parrillada bat egin genuen, taldeko beste kide batzuekin batera.

Zenbat topaketa antolatu dituzue orain arte? Joan den urteko topaketak zenbat jende bildu zuen?
7 edo 8, urteko bat. Joan den urtekoan ia 200 pertsona bildu ginen; haien artean Kataluniatik edota Andaluziatik etorritako jendea zegoen. 

Zuek beste topaketetan egon zarete?
Bai, noski. Guretako oso ohikoa da Urduñara, Belaguara edota Loarrera joatea. Talde gehienek bere eguna ospatzen dute, eta murgiltzen saiatzen gara. Azken batean, jende gutxi gara, eta ia guztiok elkar ezagutzen dugu. 

Zergatik da Santa Marina parapentearekin botatzeko hain leku aproposa?
Oso hegaldi erraza delako; ez da lehorra ezta termikoa ere. Aireratzea erraza da, eta hegaldia oso lasaia da. Gainera etxean bertan dugu.

Zenbat kostatzen du Santa Marinatik jaistea?
Egunaren araberakoa da. Haizerik ez badabil eta termikarik ez badago, 8 minututan jaitsi ahal da. Baina termika edo hegal haizea dagoenean ordu eta erdi edo bi ordu eman daitezke airean.  

Oinez ala autoz joaten zarete?
Autoz... Taldeko auto bat dugu, ahalik eta ibilgailu gutxien igotzeko. Gainera, Urbasan ibiltzeko baimen berezia dugunez, asko erabiltzen dugu.

Estatuan ezaguna da Santa Marina?
Santa Marina baino gehiago, Urbasa. Azken urte hauetan Santa Marina ezagunagoa bilakatu da parapentelarien topaketa antolatzen dugulako.

Santa Marinaz aparte, zein dira gertuko leku aproposenak hegaldiak egiteko?
Beriain, Aralarko santutegia eta Eulate.

Hegaldiak egin dituzue Euskal Herritik kanpo? 
Bai. Hegoaldean hegaldiak antolatzeko baldintza hobeak daude, baina paisaiak ez du hemen duen xarma. Aste Santuko eguraldia aproposa da, baina udan ezinezkoa.

Ba al duzue leku kuttunik parapentean botatzeko?
Guretako Santa Marina leku kuttunena da. Baina Orio eta Belagua ere oso estima handian ditugu. 

Euskal Herrian oso famatua da Sopela. Zer moduzkoak dira hegaldiak bertan?
Oso lasaiak. Guretako ez dira oso hegaldi atseginak. Kostaldeko beste hegaldi batzuk politagoak dira, Orio edo Zarautz esaterako. 

Parapentean hasteko gomendiorik?
Bai, lehendabizi hegaldi bat bi lagunendako parapente batean egitea gomendatzen dugu. Hurrengo pausua ikastaro bat egitea da. Gerora, talde batera sartzen aukera dago, eta, horrela, hegaldiak egiten has zaitezke. Esperientzia duen jendearekin elkartzean ikasten da gehien. Ikastaroan oinarrizko gauzak ikasten dituzu, baina, gero, praktikan jarri behar dira. Denbora luzeko ikasketa prozesua da, batez ere meteorologia kontzeptuen ingurukoa. 

Eguraldia oso garrantzitsua da, ezta?
Bai, horren arabera hegaldia egin daiteke ala ez. Haizearen norabidea eta eguraldiaren iragarpena oso nabarmenak dira ere. Gaur egun, mendietan balizak eta mugikorreko aplikazioak daude. Asko errazten dizkigute hegaldiak.

Gaitasun berezirik behar da hegan egiteko?
Ez, gogoak badituzu aurrera. Hori bai, ez da batere gomendagarria bakarrik hegan egitea, aspergarria eta arriskutsua izan daitekeelako.