Zenbat urte daramatzazu barnetegian lanean?
9 urte inguru daramatzat barnetegiko zaindaria izaten. Ez dut nagusirik, horregatik, oso zorrotza izan behar zara zure buruarekin eta etxearen jaun eta jabe bilakatu behar zara.
Oso etxe handia da, ezta?
Bai, etxabean sukaldea, jangela, egongela eta ikasgela daude; goiko solairuetan logelak ditugu.
Zenbat jende sartzen da etxean?
60 pertsona inguru. Orain ezin da edukiera guztia bete.
Nongoa da etortzen den jendea?
Bilbokoa, batez ere. Baina Nafarroako jendea ere etortzen da.
Nola da zure egunerokoa?
Lehen, etxearen garbiketa nire ardura zen, eta, gainera, sukaldariaren laguntzailea nintzen. Otorduetan janaria prestatzen eta banatzen laguntzen nion.
Nola aldatu da zure egunerokoa?
Ikasleak dauden bitartean ezin naiz etorri. Orain, goizeko 05:30ean, ikasleak lotan daudenean, gosaria prestatzera eta landareak ureztatzera etortzen naiz. Gazte bat kontratatu dute nire beste funtzioak betetzeko, nagusia bainaiz; eta barnetegiko zuzendariak nire osasunaz kezkatzen dira.
Nolakoa da sukaldariaren egunerokoa?
Bera Gasteizetik etortzen da, eta hemen bere logela du. Ia nik adina urte daramatza hemen lanean. Egunero janariaren erosketak egiten ditu, produktu freskoak izatea gustatzen baitzaio. Oso-oso ondo kalkulatzen ditu janari kantitateak. Ez dakit nola egiten duen baina beti dago apur bat errepikatzeko aukera. Sukaldari aparta da; bere lasagnak ikasle guztiak zoratzen ditu.
Kontaktua duzu ikasle edo irakasleekin?
Aurretik esan bezala, orain ezin naiz haiekin harremanetan jarri. Lehen, ama bezalakoa nintzen. Beraiekin euskaraz hitz egiten saiatzen naiz. Oso galduta dudan arren, hemengo hitzak eta esaerak irakasten saiatzen naiz.
Zer neurri hartu behar izan dituzue COVID-19 gaixotasuna dela eta?
Orain barnetegia hotzagoa da. Ikasleei, sartzean, gorputzeko tenperatura neurtu behar zaie, eta beraiek eskuak garbitu behar dituzte. Gainera, oheen kopurua gutxitu da. Horretaz aparte, irakasleek herriko jendea saihesten dute. Klaseak udaletxean ematen zituzten lehen, baina orain ez da posible.
Noiz etortzen dira gehien?
Maiatzean hasten dugu denboraldia. Aurten, ordea, garilean hasi gara. Irailean azken taldeak etortzen dira.
Zenbat egun egoten dira?
Normalean, 15 egun. Ikasle helduen kasuetan, asteburuetan ere etortzen dira. Sagardotegi garaian Atauneraino oinez joaten dira, eta bertan bazkaltzen dute.
Barnetegiak 30 urte bete ditu, ezta?
Bai. Kontu askotarako eman dute urte hauek, baina dena ezin da esan, Bakaikuko barnetegian gertatzen dena hemen gelditzen da… Aurten ospakizun berezi bat egin nahi genuen, baina Bakaikuko festak bezala, bertan behera gelditu da ospakizuna.