1. Zer da roller skia?
Ipar eskia entrenatzeko modu bat da, udan entrenatzeko aukera emateko da. Horrela, udan, elurrik ez dagoenean ipar eskia gurpilekin egiteko aukera duzu. Ipar eskiko kirola jarraitzeko aukera onenetarikoa da. Mugimenduak berdinak edo oso antzekoak dira. Elurretik asfaltora pasatzea da alderik nagusiena.
2. Nola zaletu zineten?
Lehendabizi, elurretan eskiatzen hasi ginen, baina gero konturatu ginen elur gutxi egiten zuela, urtero gutxiago. Iñakirekin hitz eginez, eski modalitate honen berri eman zidan eta, azkenean, roller-ak erosteko konbentzitu ninduen.
3. Ba al dago Sakanan roller skian ibiltzen den jenderik?
Horrelako kirol bat ezagutzera ematea oso zaila da. Ez gara asko, kirol oso minoritarioa da, baina dauden gutxi horiek maila oso onekoak dira. Adibidez, Etxarrin, Bernar eta Olga Garziandiaren kasuak ditugu. Aita eta alaba dira, eta maila handian lehiatzen dira. Gu, ordea, zaletasunagatik ibiltzen gara, ez gara lehiatzen.
4. Urte osoan egiten duzue zuek roller skia? Edo bakarrik udan?
Azken urteetan asko aurreratu da ipar eskia. Materiala oso ona baita. Roller skia udan bero handia egiten duenean ez da batere aproposa, baina udaberri-neguan entrenatu ahal izateko aukera oso ona da. Gainera, korrika, mendia edo ohikoagoak diren kiroletatik aparte beste modalitate bat egiteko aukera ematen du. Neguan elurrik ez dagoenean roller skia egiten dugu.
5. Zenbat denbora eramaten duzue kirol hau praktikatzen?
Ipar eskia 25 urte baino gehiago. Roller skia aldiz oso berria da, duela hiru urte inguru hasi ginen. Gure kasuan, lesio baten ondorioz animatu ginen roller skia probatzera. Kirol honetan ez dago inpakturik eta gihar guztiak erabiltzen dituzunez gorputzerako oso ona da.
6. Non ibiltzen zarete normalean?
Lizarrusti inguruan eta Lizarragako portuan batez ere. Urbasa ingurua edo bertatik Opakuaraino doan errepidea ere oso aproposak dira. Sakana inguruan roller egiteko aukera paregabeak daude, errepide onak eta berrituak behar direlako.
7. Garestia al da roller ski egiteko behar den materiala?
Tira, garestia ez nuke esango. Botak ipar eskirako erabiltzen diren berberak dira, eta hori da, hain zuzen, erosi beharreko materialik garestiena. Roller-en kasuan, nahi duzun bezainbeste gastatu dezakezu, baina, orokorrean, ez dira garestiak. Roller bakoitzak bi gurpil ditu eta bi modalitate daude: klasikoa, paraleloan ibiltzeko; eta patinatzailea, patinatzaileak bezala aritzeko. Azkenik, makila batzuk behar dira, eskiatzeko erabiltzen direnetakoak.
8. Antolatzen al da roller ski txapelketarik inguruan?
Nafarroan betidanik mendirako eta eskirako zaletasun handia izan dugu. Kasu honetan ere bi elkarte daude: Irrintzi Eski Taldea eta Huarte Eski Taldea. Horiek urtero lasterketa antolatzen dute. Batak larunbatean antolatzen du eta besteak igandean. Larunbatekoa urte bakoitzean leku batean izaten da, eta Etxarrira ere ekarri izan dute. Igandekoa, normalean, Behorlegiko igoera izaten da. Gipuzkoa inguruan ere antolatzen dira. Estatuan, ordea, ez dira horrenbeste antolatzen. Normalean portuak igotzean datza lasterketa. Horiek jaisteko oso ona izan beharko zara. Gu, adibidez, ez gara ausartzen. Motxila bat eraman, eta oinez jaisten gara. Lehiaketak, normalean, udazkenean dira. Jendea eskiko denboraldia prestatzen ari denean. Aurre denboraldi bezala hartzen du jendeak.
9. Roller skiarekin izandako anekdotaren bat?
Erorketa dexente! Kar, kar, kar! Asfaltoan erortzea gogor xamarra da, baina abiadura gutxi hartzen duzunez, arramaska txiki bat, eta berriz ere gora.
10. Abilezia bereziren bat behar da roller ski egiteko?
Ipar skian jakitea komeni da. Ez da bizikletan ibiltzea bezalakoa. Patinetean ibiltzearekin antzekotasun gehiago ditu, baina roller skiekin ezin da frenatu.
11. Nola animatuko zenukete jendea kirol hau praktikatzera?
Oso kirol konpletoa da eta lesioak sufritzeko arrisku gutxikoa. Eta zer esango dugu ba… guretako oso polita dela eta ipar eskiaren denboraldia osatzeko oso ongi datorrela. Jendea probatzera animatzen dugu, eta laguntza behar izanez gero, hemen egongo gara. Kirol merkea, osasungarria eta dibertigarria da, eta, batez ere, desberdina.