Zer da “Gogor” mugimendua?
“Gogor” Sakana eta Larraun inguruan sortutako mugimendua da. Langileen defentsa antolatzeko helburua du, eta bere lan ildoak horretara bideratuta egongo dira.
Nola sortu zen mugimendua? Zergatik?
Konfinamendu garaian, aspalditik antzematen genuen beharra errealitate bihurtzen hasi zen. Larraun eta Sakana inguruko kide batzuk elkartu ginen, dagoeneko hainbat dinamikatan genbiltzanak. Irurtzunen, Gazte Asanbladak sortutako “Iatzar hadi” dinamika martxan zegoen. Aldi berean, Lekunberriko Printza Gaztetxeak Suprin irratia sortu zuen. Bien bitartean, Sakanan gazte ikasle abertzaleak eta Gazte Koordinadora Sozialista testigantza kanpaina egiten ari ziren.
Ordurako, Gazte Koordinadora Sozialistatik “burgesiaren ofentsiba gelditu” dinamika lantzen ari ginen. Hari horretatik tiraka, “Gogor, langileen defentsa antolatua” sortzea erabaki genuen. Sistema kapitalistak eragindako testuinguru honetan, eta gaur egun krisi eta proletarizazio fase bat etorriko dela nabaria denez, beharrezkoa ikusten genuen langileak antolatzea eta defentsa egitea.
Zein da zuen helburua?
Sakana eta Larraungo jendearengana iristea optika proletario batetik lan eginez eta, azken finean, hemengo eta inguruko langileon bizi baldintzak hobetuz. Horrela, gutxinaka-gutxinaka, burgesiaren ofentsiba ahultzen joango gara. Azken finean, gure helburu orokorra gure sistema propio bat eraikitzea da, berdintasunean oinarrituko dena.
Duela zenbat sortu zenuten?
Konfinamenduan gure artean hitz egiten hasi ginen, elkarrekin biltzea ezinezkoa izan arren. Eta ateratzeko aukera izaten hasi ginenean, ideiari forma ematen hasi ginen.
Sakanara iritsi da, baina herri guztietako kideak daude?
Momentuz ez gaude Sakanako herri guztietan, gure helburua hori izango litzatekeen arren. Zergatik? Ez dugulako herri guztietara ailegatzeko kapazitaterik, baina gutxinaka lortu nahiko genuke. Oraingoz Arakilen, Irurtzunen, Lakuntzan, Arbizun eta Etxarri Aranatzen gaude. Larraun ibarreko herri batzuetaz aparte, noski.
Zenbat kide zarete?
Oraintxe bertan ez dakit zehazki zenbat kide garen. Hala ere, bi partaide mota bereizi behar ditugu: alde batetik, Gogorreko kideak eta, beste aldetik, Gogor barruan dagoen boluntario sareko kideak, geroz eta gehiago direnak. Pixkanaka-pixkanaka hazten goaz.
Gazteak zarete gehienak?
Orokorrean, denak gazteak gara Gogorren, baina boluntario sarean helduagoa den jendea ere badago. Haiek ere, boluntario bezala, hainbat modutan laguntzen dute.
Zein dira zuen lan lerroak?
Lau dira. Batetik, elikagai eta oinarrizko produktuen bankua: proletargoaren bertako familia kolpatuenei baliabide horiek bermatuko dizkiegu, langile elkartasunaren forma batzuk esperimentatzen hastearekin batera. Bestetik, testigantza kanpaina: proletargoak bizi dituen arazoen berri edukiko dugu, salatzeko eta interbentzio eremuak definitzeko asmoz. Lan arloarekin, etxebizitzarekin, indarkeria matxistarekin edota kontrol sozialarekin lotutako zerbait baldin baduzu jarri gurekin harremanetan.
Horrekin batera, askatasun politikoen defentsa: egun bizi dugun bezalako salbuespen egoeretan jardun politikoan aritu ahal izateko lan egingo dugu. Eta, azkenik, polizia jazarpenaren aurrean aholkularitza: errepresioarekin lotutako kasuen aurrean aholkularitza emango dugu, edozein kidek izan dezakeen arazo edo zalantza konpontzearekin batera.
Momentuz, elikagai eta oinarrizko produktuen bankuarekin lanean gaude, eta bertan gure helburua hainbat familia eta kide laguntzea da, eta boluntarioekin lanketa bat egitea. Familiekin eta orokorrean herriko jendearekin lan egin nahi dugu, elkartasunaren bitartez beste modu batean lan egin daitekeela erakusteko.
Nola egin zaitezke boluntario? Zer esan nahi du Gogorreko boluntario izateak?
Hainbat modu daude boluntario izateko. Lehenbizi, gurekin kontaktuan jarri beharko zinateke, emailez, telefonoz, edota larunbatetako postuetan bertan galdetuz. Ondoren, boluntarioei hasieran prestatu ditugun bi programak azaltzen dizkiegu. Alde batetik, Gogor langileon defentsa antolatutako programa eta, beste alde batetik, boluntarioena zehazki den programa: norbanakotik kolektibora izenekoa. Bertan, gure helburua eta gure lana zein diren azaltzen dugu, gure proposamen politikoarekin batera.
Jendeak boluntario izaten parte hartu dezake, ezta?
Bai, edo Gogorreko kide izaten. Zehaztasun gehiago jakin nahi izatekotan, jar daitezela gurekin harremanetan.
Hilabete hauetan, lortu duzue zuen helburua? Beharbada oraindik oso goiz da, ezta?
Egia esan, oso goiz dela aitortu behar dut. Oraindik lanean gaude, baina harrera ona jaso dugu, eta gure helburua betetzen ari garela esan dezakegu. Jende askorengana iritsi gara. Gainera, jendeak asko eskertzen digu gure lana.
Jende asko lagundu duzue?
Momentuz, loteak banatzen, 60 pertsonarekin ari gara lanean, elikagai eta produktuak banatzen, eta, gainera, 50 pertsona ditugu itxaron zerrendan. Oraindik ez daukagu gaitasun nahikorik guztien beharrari erantzuteko, baina pitteka gaitasuna handitzen goaz. Jartzen ditugun postuetan, larunbat goizetan, jendeak bere ekarpena egiten du, eta asko galdetzen digute. Horren erakuslea da gero eta jende gehiago deitzen ari dela boluntario izateko.
Noiz eta non jartzen dituzue postuak?
Gutxi gorabehera, 10:00etatik 13:30era arte jartzen ditugu, nahiz eta herriaren arabera ordutegia alda daitekeen. Denden aurrean jartzen gara, eta jendeak, beharren arabera, produktuak ekartzen dizkigu. Oraingoz, Lekunberrin, Irurtzunen, Lakuntzan eta Etxarri Aranatzen gaude.
Zein elikagai eraman daitezke bertara?
Jasotzen ditugun elikagaiak hauek dira: arroza, dilistak, txitxirioak, babarrunak, pasta, esnea, oliba olioa, galletak (maria), tomatea, patatak, ogi txigortua, kakaoa, pixoihalak, tanpoiak, konpresak, komuneko papera…
Elikagai horiekin loteak osatzen ditugu. Horretaz gain, loteak bermatu ahal izateko beste kanpaina bat bideratu dugu. “Hamar euroko edo +” kanpaina da, bertan jendeak nahi duen adina ematen digu. Helburu horrekin, kontu korronte bat sortu genuen. Horrela, larunbat guztietan bildutakoa aldakorra denez, gutxieneko lote batzuk ziurtatzen ditugu.
Larunbatero biltzen zarete?
Bai, larunbatero biltzen gara postuetan. Gero, Lekunberriko Printza Gaztetxera eramaten ditugu lote guztiak, bertan dugu-eta biltegia . Normalean, ostegunetan hilabete osorako loteak familiei banatzen dizkiegu.
Noiz hasi zineten loteak banatzen?
Konfinamenduan hasi ginen familiekin hitz egiten, eta pitteka batzuk deitzen hasi ziren. Gerora, haiek gure berri hedatu zuten biztanleriaren artean. Jende gehiagorengana iritsi garen neurrian, familia gehiagok deitu dute.
Oraindik ahal duzuen guztia jarraituko duzue, ezta?
Bai, gure ideia jarraitzea da. Alde batetik, elikagai bankuarekin jarraituz eta taldeko beste lan lerro batzuk irekiz. Horretarako, alde batetik, familiekin, eta bestetik, boluntarioekin lan egiten dugu. Familia askotako kideak boluntario egiten direnez, haiekin lanean jarraitzen dugu.
Azkenik, nola egin dezake jendeak zuen ekintzen berri izateko?
Sare sozialetan jarrai ditzakete gure ekintzak: twitterren eta instagramen profila dugu. Gainera, gurekin harremanetan jartzeko emaila (gogorlangile@gmail.com) eta telefono zenbakia dugu: 658 603 851. Bertara deitu daiteke loteak jasotzeko, boluntario izateko edota gure taldearen kide izateko. Sakandar guztiok animatzen zaituztegu gurekin lan egitera! Eutsi Gogor!