Kurrink artean lanean

Erabiltzailearen aurpegia
Bi euskal txerri Urritzolan.

Urritzolako Javier Correa eta Lakuntzako Jon Ganboa txerriekin lan egiten dute. Batak, Euskal Txerriak Andiako magaletan hazten ditu, besteak, txerri txuriak ogibide ditu. Abeltzaintza ulertzeko bi modu desberdin gure ibarrean.

Txerrien mundua nahiko konplexua da, abeltzain mota desberdinak daude txerri arraza desberdinak bezala. Lakuntzan, ustiaketa intentsiboa ematen da, aldiz, Urritzolan, abeltzaintza estentsiboaren aldeko apustua egin dute. Bi kasuetan familia enpresak dira eta biak txerrikumeekin lan egiten dute: Lakuntzan 25 kg izan arte eta Urritzolan titi-txerriak hazten dituzte. 

Jon Ganboak bere aitaren afizioa bere ogibidea bilakatu du. Bera eta bere arrebak aitaren pausuak jarraituz gaur 450 txerri emeko ganadutegia dute. Lakuntzarrak, 25 urte daramatza sektorean, berak txerrikumeak erditu eta hazten ditu. Hau da, txerrikume jaio berriek 25 kg izan arte mantentzen ditu, gero beste abeltzain batzuei saltzeko. Nafarroako Grupo AN Kooperatibaren parte denez, bertako beste esplotazioei txerrikumeak saltzen die. Batzuetan, txerrikumeak Torres del Río, Cascante, Dicastillo edota Arellanora eramaten ditu, loditegien okupazioaren arabera. 

Kooperatibaren barne egoteak kudeaketa lanetan Ganboari erraztasun asko ekartzen dizkio, besteak beste, kooperatibaren irabaziak guztionak dira baina galerak ere, noski. Horretaz aparte, salerosketa guztia bazkideen artean egiten da: txerrien sendagaiak, pentsua, eta abar. Gainera bazkide bakoitza kate berdinaren parte da, batak txerrikumeak loditu eta besteari saltzen dizkio, eta hurrengoak txerri horiek 110 kg arte loditzen ditu, eta horrela zikloa itxi arte. Jaiotzetik, gure etxeetara. 

Euskal txerria
Javier Correak, gutxi darama txerrien munduan. Orain dela 8 urte, Irurtzungo azokan bere lehendabiziko Euskal Txerria erosi zuen. Hasieran bi eme baino ez zituen, gaur aldiz, 27 eme eta 2 ar ditu. Berak, goizetan, Iruñeko arrandegi batendako lan egiten du eta, arratsaldetan, txerriez arduratzen da. Bi mastin ditu lagun, haiek basurdeak eta beste urrun mantentzen dituzte Correa ez dagoenean. 

Orain dela gutxi arte, urritzolarra hestebeteak saltzen zituen, hau da txerrien zikloa berak ixten zuen (txerriak jaio, hazi, loditu, hil eta saldu). Hori egiteko, kanpoko laguntza behar zuen, baina produktuaren kontrola galtzen zuenez ezin zuen egiaztatu produktu guztiak kalitate berdinekoak zirenik. Horregatik, gaur, titi-txerriak saltzen ditu. Berak, txerrikumeak belarra jaten hasi baino lehen hiltegira eramaten ditu. Gerora, hainbat harategi eta jatetxetan saltzeko. Sakanan, Arruazuko ostatuan eta Etxarrengo Iratzar jatetxeetara eramaten ditu. 

Hasieran, leku gutxi batzuetan saltzen zuen. Gaur egun, beste Euskal Txerriaren hazkuntzan lan egiten duten abeltzainei titi-txerriak erosten dizkie. Gutxi batzuk dira, tartean altsasuar bat, baina pasa den urtean 800 txerrikume saldu zituzten, eta aurten mila inguru saltzearen aurreikuspena dute. Kalitatea leku gehiagoetara ailegatzea nahi dute.

Hazkuntzaz 
Lakuntzako txerriak, txerri txuriak dira, Landrace Large White arrazakoak. Txerri mota hau, zaintza asko behar du, batez ere erraz gaixotzen delako. Leku itxietan egoteak haien hazkuntza errazten du eta hotza harrapatzetik babesten ditu. Emeak bizitzan zehar zazpi aldiz erditzen du, bataz beste, 28 txerrikume izan dezakete urtero. 14 erditze bakoitzeko. Emeak ernaltzeko intseminazio artifiziala erabiltzen dute. Horrela, txerrien zikloari hasiera ematen diete. 

Txerrien abeltzaintza intentsiboa ziklo motzetan lan egiteagatik bereizten da. Lakuntzan, 15 egunero faseak berriz hasten dira: ernalketa, titiak kentzea, loditzea eta beste abeltzain bati eramatea. Txerrikumeek bi hilabete inguru pasatzen dituzte bertan, 25 kg lortzen duten arte. Gero, lehen esan bezala, Nafarroako beste ganadutegi batzuetara doaz. 

Euskal Txerriak galtzeko zorian egon ziren. Arraza horretako produktibitatea txikia zenez, hau da, txerrikume gutxi ematen zituztenez, abeltzainen interesekoa izateari utzi zion. Duela mende batzuk, Euskal Txerriak gure mendien jaun eta jabe ziren. Urteekin, aipatutako arrazoiak eta txerrien izurriteak bere lekua kendu zion. Gaur, Euskal Txerriak aske ikusteko Iparraldera jo beharko genuke, Belaguaren beste aldean aske bizi dira. Nafarroan aldiz, legediak ez du txerriak mendian askatzea baimentzen. 

Gure ingurunea bere habitat naturala denez, ezin hobeto moldatzen da. Oso ongi jasaten baititu gure klimaren ankerkeriak, hortaz arraza indartsua dela esan genezake. Arrazoi hauengatik Correak Euskal Txerrien apustua egitea erabaki zuen.

Urritzolako txerriak etxe ondoko larreetan bizi dira, bertatik ateratzen dute behar duten elikagaia. Javierren hitzetan oso gustura bizi dira ez baitakite zer den albaitari bat, legediak eskatzen dituen txertoak eta saneamendua baino ez dituzte.

Ar nagusienak 8 urte ditu, nahiko zaharra da eta, horregatik, ar gazteago bat ekarri du, lehia txikia dute baina errespetatzen dira. Emeen kasuan, zaharrenak 7 urte inguru ditu eta itsua eta gorra da. Hala ere, bere bizitza osoa bertan eman duenez oso ongi mugitzen da. Gainera, orain dela aste bat 8 txerrikume erditu zituen, osasuntsu dagoenaren seinale. 

Euskal Txerrien emeak 3 hilabete 3 aste eta 3 eguneko ernaldiak dituzte, urtero bi izan ditzakete. Jaiotzen den txerri kopurua 10 ingurukoa da. Lehen, txerriak mendietan ibiltzen zirenean 4 edo 5 txerrikume zituzten. Etxetik gertu egoteak, txerrien elikadura eta bizi baldintzak hobetu ditu. 

COVID-19
Batzuendako pandemia mundial baten erdian egon arren, txerriek ez dute gehiegi nabaritu, eta are gutxiago Sakanako gure bi protagonistak. Lakuntzarrak beti bezala lan egin du, produkzioa ez da jaitsi. Urritzolakoak, berriz, salmenta bide berriak bilatu behar izan zituen konfinamendu garaian. Ostalaritza gelditu zenez, titi-txerriei irteera emateko harategietara jo zuen, promozio berezi bat sortuz: txerri laurden bakoitzeko ardo botila opari. 

Etorkizunera begira, biak nekazari politikek diotenari adi daude. Javierrek ez ditu laguntza berezirik eskatzen, administrazioen babesa bakarrik. Horretarako, salmenta prezio bidezkoak ezartzea beharrezkoa ikusten du. Horretaz aparte, txerrien etiketatze egoki bat eskatzen du, jendeak zer jaten duen jakin dezan. 

Aurten ez ditugu lehen sektoreko azokarik izango, baina Sakanan badugu txerria non erosi. Sakanan bizi, lan eta jan.