Sakanan 14 talde inguru daude eta berak Lakuntzako taldean parte hartzen du.
1. Noiz hasi zinen mintzakide programan?
Nire bigarren urtea da hau.
2. Zergatik hasi zinen? Ba al zenekien euskara aurretik?
Ni AEK-n bost urtez egon nintzen eta joan den urtean patxadaz hartzea erabaki nuen. Bide batez, ni eta beste pertsona baten artean mintzakide programa Lakuntzan antolatzea pentsatu genuen. Horrela sortu zen mintzakide taldea Lakuntzan.
3. AEK-n ez dagoen jendea programara apuntatu daiteke?
Jakina. Euskara praktikatzen interesatuta dagoen edozein ongi etorria da Mintzakiden. Nahi duenak 600 482 224-ra hots egin edo sakana_mintza@aek.eus e-postara idatzi dezake izena emateko. Ez da ezer ordaindu behar.
4. Zenbatero biltzen zarete eta zenbat zarete?
Joan den urtean jubilatu elkartean biltzen ginen astean behin. Baina orain itxita dagoenez, Tximonena tabernan elkartzen gara. Hori bai, beti pintxo eta pote baten konpainian. Aurten 13 pertsona inguru hasi ginen taldean, baina neurri berriak errespetatuz, aste hauetan ez gara elkartu.
5. Konfinamendu garaian harremanetan jarraitu zenuten?
Whatsapp talde bat dugu eta bertatik hitz egiten genuen.
6. Kontatzeko moduko anekdotaren bat ba al duzu?
Bada, egia esan, bai. Mintzakide taldean nagoenetik, lehen gazteleraz hitz egiten nuen jendearekin eta orain taldekoak direnekin beti euskaraz hitz egiten dut.
7. Zure eguneroko bizitzan euskaraz gehiago egiten duzu?
Bai, AEK-n hasi nintzenetik gehiago hitz egiten dut. Lehen ez nintzen ausartzen, baina gaur egun nire seme-alabekin eta bilobekin euskaraz hitz egiten dut. Bilobei amona ikasten ari dela esaten diet.
8. Nola ikusten duzu euskararen egoera Lakuntzan?
Niri pena ematen dit. Erdara asko entzuten da eta, gainera, euskaraz dakitenek gutxi hitz egiten dute.
9. Eta euskalkiaren egoerak, bizirik dirau ezta?
Nire taldean gehienek Lakuntzako euskalkian hitz egiten dute. Batzuetan niretzat ulertezina izan daiteke baina hitz asko ikasi ditut eta oso pozik nago.
10. Euskaraldian parte hartuko duzu?
Aurrekoan parte hartu nuen eta aurten ere. Ahobizi gisa aurkeztu nintzen lehenengoan eta horrela izango da oraingo honetan ere. Oso ausarta naiz, kar, kar, kar.
11. Animatuko al zenuke jendea mintzakide programan parte hartzera? Eta Euskaraldian?
Noski. Niretako oso garrantzitsua da, eta gainera oso polita da Lakuntzan euskara gehiago entzutea. Baina Euskaraldia betirako izatea gustatuko litzaidake. Nik, gaur egun, dendetan euskaraz egiten dut eta egia esan jendea berdina egitera animatzen dut, euskara ez dadila etxeetan geratu.