Benjamin Urdiain eta Javier Arbizu izenak ezagunak egiten zaizkizu? Ziordiko bi sukaldari ezagunen izenak dira, baina beraiek bezalako beste hamar egon dira ere, eta orain dela gutxi arte, lan egiten jarraitu dute. Gehienak erretiratu dira, baina haien bizipenak kontatzen dituen liburu bat argitaratu berri dute. Jesus Mari Alegria “Pinttu” musikari eta idazle araiarrak argitaratu du Navarra, hasta la cocina: Historias de los grandes cocineros de Ziordia liburua, Ziordiko Udalaren eta Sakanako Garapen Agentziaren laguntzarekin.
Igandean, Santa Luzia egunean, aurkezpen txiki eta xume batekin Jesus Mari Alegriaren liburua aurkeztu zuten. Pandemia aurretik aurkeztekoa zen baina egoera zela eta, atzeratzea erabaki zuten. Hortaz, gaur egungo baliabideei esker emanaldia modu telematikoan egin zuten. Ondoren, herriko etxe guztietara gazta eta liburu banaketa egin zuten.
Idazleak herriari maitasun handia dionez eta bertako sukaldariekin harremana mantentzen duenez, Ziordia liburu honekin omentzea erabaki zuen. Bertan, Valentin Pozueta, Candido eta Casimiro Mendia, Benjamin Urdiain, Javier Arbizu, Valentin Agirre, Antonio Iglesias, Gerardo Mendia, Juan Manuel Mendibe, Koldo Lopez de Goikoetxea, Rufino Bastida eta Jose Ignacio Urdiain sukaldarien aztarnak islatu ditu.
Argitalpenaz
Liburua Valentin Pozuetarekin hasten da, sukaldari belaunaldi honen aitzindaria. Bera idazlearen senitartekoa zen. Jesus Mari Alegria txikitatik Ziordian ibili da, bertan bere osaba bizi zen eta herria asko maite du, bere hitzetan “Ziordian parranda hoberenak egin ditut”. Idazlea, musikaria ere bada eta Musicos Sin Fronteras Gobernuz Kanpoko Erakundeko parte da. Hortaz, liburuan abesti gutxi batzuk bilduta daude ere.
Ez da errezeta liburu bat, sukaldarien historia pertsonalak kontatzen dituen liburua baizik. Horregatik, sukaldarien bizitza eta norendako prestatu duten janaria topa dezakegu. Errezeta gutxi batzuk aurkitu ditzakegu ere, noski. Hemengo produktuekin egindakoak. Sukaldariendako Ziordiko jakiek ez dute parekorik, are gehiago, gehienek haien amen ikasleak izan zirela aitortu dute. Ziordiko emakumeek elikagai gutxirekin jateko hoberena egiten baitzuten. Hala ere, lehen gizonak herritik kanpo lan egitera joatea emakumeak joatea baino errazagoa zen, eta hortaz liburuko protagonisten artean ez dago emakumerik.
Olatz Irizar Martinez alkateak, ziordiar guztiek bezala sukaldarien berri zuen. Baina herrian betidanik ostatu eta jatetxeak egon arren, ez da inoiz elitezko jatetxerik egon. Alkatearendako zaila da sukaldari arrakastatsu hauen jatorria azaltzea, egia bada ere, gutxi batzuk familia zuzena direla. Benjamin Urdiainen kasuan, ziurrenik liburuan aipatzen den ezagunena, bere iloben (Jose Ignacio Urdiain eta Juan Manuel Mendibe) irakaslea izan da.
Egia bada ere, nahiz eta Benjamin Urdiainek estatuko lehendabiziko Michelin izarra jaso, ez da beste euskal sukaldari batzuk bezain famatua egin. Izan ere, Ziordiko sukaldariak onak eta xumeak dira eta haien irudia ez dute ezagutzera eman. Batez ere, gehienak ez direlako jatetxeen jabeak izan, baizik eta jatetxe horien sukaldari-buruak.
Beraz, liburua sukaldariei buruz gehiago ezagutzeko aukera paregabea da. Alegriak, 2019ko udan Ziordiko Udalarekin harremanetan jarri zen. Ordurako, liburua idatzia zuen arren, aurrera eramateko baliabideak behar zituen. Eta Ziordiko Udalari dokumentatzeko aukera ona iruditu zitzaionez, ekonomia laguntza eskaini zion. Baina, liburu osoa “Pinttu”rena da, berak idatzi, azaleztatu eta publikatu du. Hortaz, gaztelera hutsean publikatuta dago. Liburua oso pertsonala da, idazlearen bizipen eta esperientziatik idatzitakoa.