Ouarda Dira

Ouardak D eredua aukeratu du, eta zuk?

Erabiltzailearen aurpegia Rebeka Mendoza Caro 2021ko api. 12a, 14:57

Ouarda Dira. Argazkia: Rebeka Mendoza Caro.

Ouarda Dira Irurtzunen bizi da. Lau seme-alaba ditu eta Atakondoa eskolara eramaten ditu. Atakondoan, A eta D ereduak daude, haurrek Haur Hezkuntzatik DBHko bigarren mailara arte bertan ikasten dute.

Dirak bere seme-alabak D ereduan matrikulatuta ditu. Horren zergatiak eta izandako bizipenak azaldu ditu.

Non eta zein eredutan ikasten dute zure seme-alabek?
Irurtzuneko Eskola Publikoan, Atakondoan. D ereduan.

Zenbat urte dituzte?
Sara da nagusia eta 12 urte ditu; Selma, bigarrena, 10 urtekoa; Rayan hirugarrenak 8 urte eta; Amira txikienak, 3. 

Zertan oinarritu zineten D ereduaren aldeko erabakia hartzeko?
Txiki-txikitatik D eredura joan dira. Sara orain Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, 1. mailara doa, Selma Lehen Hezkuntzako 6. mailara, Rayan Lehen Hezkuntzako 3. mailara eta Amira Haur Hezkuntzako 1. mailara. Hona etorri ginenez, euskara ikastea beharrezkoa iruditu zitzaigun, gaztelera kalean hitz egiten baita. Gainera, lan egiteko euskara maila minimo bat izatea eskatzen dizute. Hemen bizi nahi genuela ziur ginen eta hortaz, D eredua aukeratu genuen. Irurtzungo bizilagun bat gehiago izan nahi genuen eta gure gizarteratzea errazagoa izateko D ereduaren aldeko apustua egin genuen. Halaber, noizbait beste herrialde batera joango bagina, euskara berriz erabili ez arren, hizkuntzak ezagutzea beti aberasgarria da. 

Zergatik da D eredua A baino hobea zuendako?
Bagenekien gaztelera kalean ikasiko zutela. Horregatik, euskaraz izena ematea nahiago genuen. Euskara txikitatik ikastea errazagoa dela uste dugu, eta ez alderantziz. Gure ustez, nagusia zarenean euskara ikastea zailagoa da.

Aholkurik eskatu zenuten?
Ez, gure erabakia izan zen. Baina informazioa eskatu genuen, gure kezkak argitzeko. Dena den, nahiko ziur ginen umeak D ereduan hasiko zirela. 

Informaziorik eman zizueten? Zeinek?
Bai, ezagutzen dugun jendeari eskatu genion, eta Gizarte Zerbitzuekin bilera bat izan genuen. Oro har, Gizarte Zerbitzukoek informatzen gaituzte eta zalantzak baldin baditugu argitzen saiatzen dira. 

Erreferenterik bazenuten?
Ez, egia esan, alderantziz. A ereduko erreferenteak genituen, ilobak eredu horretan apuntatuta zeuden. Urteak pasa ahala, ilobek A ereduan ikasi dute eta orain dela gutxi arreba txiki bat izan dute. Haurrek haien gurasoei arreba txikia D ereduan izena emateko eskatu diete.

Euskara hitz egiten duzu?
Ez, eta damutzen naiz. Umeekin hitz batzuk ikasten ari naiz baina ez da aski. Lan eske joan naizen bakoitzean euskaraz ba ahal dakidan galdetzen didate. Are gehiago, aurten euskaltegian apuntatzekotan egon naiz baina matrikulazio epetik kanpo nengoen. Beraz, datorren kurtsorako utzi dut, irailerako.

“Gu bereberrak gara, Rifekoak, eta rifera hitz egiten dugu. Haurrei beti riferaz egiten diegu”


Zure bikoteak euskaraz daki?
Ez. Nire inguruan bakarrik nire koinata batek daki euskaraz. 

Eta nola moldatzen zarete etxeko lanak egiteko?
Egia esan, haurrak nahiko autonomoak dira. Ez dute ia inoiz etxeko lanak egiteko nire laguntzarik behar. Dena den, euskarazko itzultzaile aplikazio bat deskargatuta dut eta umeek arazoren bat dutenean erabiltzen dut. Bakarrik lan egiten dute eta oso ondo ari dira. Eskolatik ez didate inoiz ezer esan eta umeek oraingoz, ez dute inoiz emaitza txarrik izan. Halaber, gaur zurekin hitz egin baino lehen umeei galdera hau egin diet: atzera egingo bagenu, A edo D ereduan ikasiko zenukete? Eta denek D ereduan ikasiko zutela esan dute, zalantzarik gabe.

Etxean zein hizkuntzatan aritzen zarete? 
Gu bereberrak gara, Rifekoak, eta Rifera hitz egiten dugu. Haurrei beti riferaz egiten diegu. Haurrak gaztelera, euskara eta rifera dakizkite.

Eta zuk? Zenbat hizkuntza dakizkizu?
Nik Rifera, arabiera, frantsesa eta gaztelera dakizkit. Rifera, tarifit ere deitua, bereberren hizkuntzen aldaera bat da. Rif eskualdeko hizkuntza da, Marokoren iparraldean, Melillan hitz egiten den hizkuntza bat da. 4 edo 5 milioi hiztun ditu. Garai batean, Kanarietan hitz egiten zen. 

Gainera, orain dela gutxi arte ikasteko era bakarra etxean zen. Nik ez dakit Riferaz idazten, ahozko hizkuntza bat izan baitzen. Rifera etxeko hizkuntza da, orain dela gutxi grafia arautu eta eskolan ematen hasi zen. 

Hemen euskarak bizi duen egoerarekin alderatu genezake. Etxean ama hizkuntza Rifera izan arren, Marokoko kaleetan gehien entzuten den hizkuntza arabiera da. 
Nik eskolan arabieraz eta frantsesez ikasi nuen, eta etxean gurasoek Riferaz erakutsi zidaten. Gerora, eskolan gaztelania ikasi nuen. Hona etorri baino lehen, gazteleradun elkarte batean nire maila hobetu nuen. Oinarrizko mailarekin hasi nintzen, abestiak gazteleraz entzuten eta letretako hitzak itzultzen nituen. Aurrerago, berriak eta telesailak gazteleraz ikusten hasi nintzen. Azkenean, hona iristerakoan mintzatzeko maila nahikoa nuen. Dena den, gaur egun ikasten jarraitzen dut, kalean, eskolan, parkean… beste gurasoekin gazteleraz hitz eginez.

“Niretako D ereduan izena ematea garrantzizkoa da. Izan ere, haurrei aukera gehiago ematen ari gara”. 

Zer dela eta bukatu duzue Irurtzunen bizitzen? Gustatzen zaizue?
Gu Al-Hoceima hiritik gatoz. Nire senarraren bi anaiak jadanik hemen zeuden, bera etorri zenerako. Gerora, beste laugarren anaia bat etorri zen. Hortaz, familia gertu dugu eta askotan elkartzen gara, parkean, kalean… Herria gustuko dut, noski. Jendea atsegina da, herria nahiko lasaia, eta ez dugu bizitzeko inolako arazorik izan.

Zenbat urte daramatzazue hemen?
Nik 14 urte, baina nire senarrak gehiago. Gure seme-alabak hemen jaio dira. Aiton-amonak ikustera joaten gara noizean behin, baina jada 4 urte ez ditugula aurrez aurre ikusi. 

Beste bizilagun berri batzuek zuregana jo dute aholku eske?
Bai, gainera Gizarte Zerbitzukoek guraso zalantzadunekin bilera bat egitea eskatu zidaten. Bertan, nire iritzia eman nien. Niretako D ereduan izena ematea garrantzizkoa da. Izan ere, haurrei aukera gehiago ematen ari gara. Berdin du, beste herrialde batera joaten baldin bagara, hizkuntza bat ikasteak beti gehitzen du, ez alderantziz. Gure seme-alabei aberastasuna eta ondarea emanez.

Bilera aberatsa izan zen, izan ere bertaratutako batek bere alaba D ereduan apuntatu du. Nahiz eta zalantzak izan etxeko lanak egiteko orduan. Gutxika-gutxika etorkin asko haien seme-alabak euskal eredura apuntatzen ari dira. Adibidez, nire lagun baten 4 seme-alabak ere D eredura doaz. Nire ustez, D ereduan izena eman dugun guztiak ez gara inoiz damutzen. Beharbada, alderantziz da, A ereduan izena ematen dutenak damutu ohi dira.

Gurasoei umeak D ereduan izena ematera animatuko zenieke?
Bai, ehuneko ehunera. Umeari lehendabiziko urteetan zaila egiten baldin bazaio euskaraz ikastea eskolatik bertatik abisatzen dizute. Lehen Hezkuntzan berdina pasatzen da, haurren bat zailtasunak izanez gero irakasleek A eredura aldatzea gomendatuko dizute. Beraz, ez izan beldurrik! Euskararen apustua egin ezazu, guk bezala!