Gaur egun, fisikari olaztiarra bere doktoretza industriala CENER ikerketa gunean egiten ari da.
Non dago CENER? Bertan zer egiten da?
Sarrigurenen dago, baina beste bi instalazio gehiago daude, bat Sevillan eta bestea Agoitzen. Energia berriztagarrietan estatuko lehena da. Estatuan ez ezik, Europan ere erreferentea da. Bertan, energia berriztagarriak ikertzen dira. Hainbat sailez osatuta dago: eguzki-fotovoltaikoa, eguzki-termikoa, energia-eolikoa, eraikuntza-eraginkortasuna, sare-integrazioa eta biomasa. Nire sailean, fotovoltaikoan, 50 langile gara. Sarrigurenen guztira 200-250 langile inguru izango gara.
Nola hasi zinen?
Nire aitak CENER-en berri eman zidan, nik ez bainuen ezagutzen. Masterra egiten ari nintzen bitartean bertan praktikak egitera animatu ninduen. Fisika ikasketak egin nituenez, eskatzen zituzten jakintzak eta baldintzak betetzen nituen. Beraz, baiezkoa eman zidaten eta bertan hilabete inguru egon nintzen praktiketan. Haiek bukatzerakoan nik egindako lanarekin gustura zeudenez bertan geratu nintzen. Egia esan, oso pozik nago CENER-en lanean.
Zer ikasi zenuen aurretik?
Fisikako Gradua ikasi nuen Zaragozako Unibertsitatean, lau urtez. Gehien interesatzen zitzaidan esparrua energia berriztagarriak zirenez, haien inguruko master bat egin nuen; unibertsitate berean.
Eta zure lankideek antzeko ikasketak dituzte?
Ez, denetarik dago. Nire sailean azpitalde asko daude; ni zelula taldean nago. Adibidez, nire doktoretzako tutoreak, Jaione Bengoetxeak, Fisika ikasi zuen, baina taldeko beste kide batzuek ingeniaritza edota kimika ikasketak dituzte.
Ingelesa ezinbestekoa izango da zurea bezalako lan batean, ezta?
Bai horixe. Ikerketa arloan beharrezkoa da, gure eguneroko lanaren parte baita. Ikerketen argitalpen guztiak ingelesez idatzita daude. Gainera, nire lana komunitatean partekatzeko ingelesez izan behar da. Egun, artikulu bat ingelesez idazten ari naiz. Norvegian Master Akaberako Lana egiteak asko lagundu zidan. Bertan, hilabete eta erdi egon nintzen eta nire maila hobetu nuen. Lana energia eraginkortasunari buruz izan zen, Institute of Energy Technology (IFE) gunean. Oslotik gertu.
“Silizioak eguzki koloreak xurgatzen ditu; kolore bakoitzak energia kopuru jakin bat du eta energia hori elektrizitatean bilakatzen du”
Zertan datza zure ikerketa?
Esan bezala, nire ikerketa zelulako laborategian gauzatzen ari naiz. Doktoretza tesiaren izena galdera moduan azaltzen saiatuko naiz: “Zein beste erabilera eman ahalko genioke plaka fotovoltaikoen moduluetan erabiltzen den beirari?”
Moduluak material aktiboz osatuta daude, eguzki energia elektrizitate bilakatzen dutenak. Haiek babesteko beira erabiltzen da; euria, hautsa edota hotzaren aurka.
Beirak eguzki energiaren %8 inguru galtzea eragiten du, ispilu efektua dela eta. Gure lanaren helburuetako bat galera hori deuseztatzea da, eguzki energia guztia material aktibora iritsi dadin. Beste lan ildo bat, basamortuko eguzki plaketan hondar aleen pilaketa ekiditea da. Hauts partikulen atxikidura ez gertatzeko, beiran egitura batzuk txertatzen ditugu. Egitura horien diseinua egin eta haien eraginkortasuna frogatzen ari gara.
Beraz, eguzki plakekin lan egiten duzu.
Bai, eguzki fotovoltaikoarekin.
Nolakoa da eguzki plaken funtzionamendua?
Material aktibo batzuen bidez funtzionatzen dute. Hainbat material daude: silizioa, peroskita, silizioa amorfoa, material organikoak… Guk momentu honetan silizioarekin lan egiten dugu.
Silizioak eguzki koloreak xurgatzen ditu; kolore bakoitzak energia kopuru jakin bat du eta energia hori elektrizitate bilakatzen du. Eguzki izpiak material aktibora iristen direnean material aktiboaren elektroiak energia hori xurgatzen dute, energetikoki aktibatu egiten dira eta energia sarera salto egiten dute. Honen ondorioz korronte bat sortzen da, potentzia diferentzia eragiten. Hortik bai, energia eskuragarri izango dugu.
Sakana bezalako leku hodeitsu batean etorkizunik ba al dute?
Bai, azken finean ez dituztelako eguzki izpiak behar, argia baizik. Hobe da, noski, zerua oskarbi egotea, baina ez da ezinbestekoa.
“Plaka fotovoltaikoek ez dituzte eguzki izpiak behar, argia baizik”
Bi plaka mota daude, ezta?
Hori da, termikoak eta fotovoltaikoak. Termikoaren mekanismoa ulertzea askoz errazagoa da. Azken finean, edozein materia eguzkitan jartzen badugu berotu egiten da. Kasu honetan gure helburua ura berotzea da, hortaz, beltz koloreko plaka bat jartzen dugu eta honen azpian ur zirkuitu bat. Plaka berotzen doan heinean ura berotuko da, eta horrezkero etxeko berogailuak berotu daitezke. Termikoan eguzki izpiek fotovoltaikoan baino garrantzia handiagoa dute.
Dena den, eguzki izpien falta konpentsatzeko plaka hibridoak asmatu dira: fotovoltaikoa eta termikoa konbinatzen dituztenak. Aukera honen bidez, elektrizitatea eta ur beroa aldi berean lor ditzakegu.
Zenbatekoa da eguzki plaken biziraupena?
Fotovoltaikoek 25-30 urteko bermea dute.
Birziklatu daitezke?
Oro har plakak osatzen dituzten lehengaiak birziklagarriak dira, material bakoitza besteetatik banandu eta gero. Kanpoko geruza aluminiozkoa eta beirazkoa da, eguneroko bizitzan birziklatzen ditugun lehengaiak. Material aktiboak ere birziklatu daitezke, silizioa adibidez birziklatzeko urtu eta purifikatu daiteke. Azkenik, silizioa eta beira itsasten duen materiala EBA da, plastikoen familiakoa.
Zer egin dezakegu eguzki plakak etxean jartzeko?
Elektrikari bat kontratatu, berak instalakuntza egin dezan. Azken finean, plakek energia mota bat etengabean sortzen dute eta guk korronte alternoan kontsumitzen dugunez inbertsore bat behar dugu. Sare mota desberdinak dira. Etxetresna elektriko guztiak alternoan kontsumitzeko prest daude, baita gure mugikorrak ere.
“Prezioaren %40-50-a aurreztu dezakegu”
Berariazko legediren bat ba al dago?
Bai. Orain dela gutxi arte, eguzkiaren zerga oso famatua izan zen, baina 2018an lege hori indargabetu zuten. Egun, legedi berri bat indarrean dago, eguzki plakak etxeetan izatea ahalbidetzen duena. 2019ko apirilean onartutako legeak hobekuntza hauek barneratzen ditu: etxeetan sortutako energia zergarik gabekoa izatea, taldeko autokontsumoa onartzea, administrazio tramiteak erraztea, potentzia muga deuseztatzea eta teilatu edota estaldura alokairua baimentzea.
Legediak norbanakoei bi aukera ahalbidetzen dizkie. Lehenengoan, energia soberakinak energia sarera eramatean datza. Elektrizitate konpainia batekin adostuz gero, hilabetearen akaberan bataz bestekoa egin eta emandako energiaren arabera faktura merkatu egiten da.
Bigarrenean, norberak bere energia sortzen du baina ez du sarera bidaltzen. Beraz, pilatzaileak izanez gero egunez sortutako energia gordetzeko aukera dago. Bestela, galduko litzateke. Gauez saretik hartutako energia ohiko prezioan ordaindu beharko litzateke.
Dirulaguntzarik ba al dago?
Bai, prezioaren %40-50-a aurreztu dezakegu, erkidego eta udal bakoitzaren arabera. Bi dirulaguntza mota daude: instalazioen prezioari zuzenean egokitzen dena eta estatuaren zergetan eragina duena. Nafarroan PFEZ-ean %25eko zerga murrizketa dago.
Beste energia berriztagarriren batekin konbinatu daiteke?
Termikoarekin. Nire ustez, aukera hoberena plaka hibridoak jartzea da.
Dena den, eraikinak ondo isolatuta egotea ezinbestekoa da. Horrezkero, energia eraginkortasuna bermatzen da. Gure energia eskaria murrizten du. Gure etxeak gaizki isolatuta baldin badaude energia gehiago behar dugu. Beraz, garrantzitsua da energia berriztagarria eta eraginkorraren alde egitea.
Zure ustez, zeintzuk dira etorkizuneko energia berriztagarriak?
Eguzki energia deszentralizatua. Zer esan nahi du horrek? Gaur egun, energia guztia leku jakin batzuetan sortzen da eta gure etxeetara iristeko prozesuan energia galtzen da. Baina, gure etxean edo inguruko sareetan energia ekoizten bagenu, ez genuke energiarik galduko. Zero kilometroko energia izango genuke.
Zergatik iparraldeko herrialdeetan eguzki plaka gehiago topa ditzakegu, hemen eguzki ordu gehiago izanda?
Egia esan, beti estatuan oso atzeratuta geundela pentsatu dugu, baina Europako herrialdeen artean 10. postuan gaude. Energia termikoan postu bera dugu, baina energia kontzentratuan lehenak gara. Fotovoltaikoan Alemania lehena da, berarekiko dugun atzerapena eguzkiaren zerga jarri izanaren errua izan daiteke.
Animatuko zenuke jendea eguzki plakak jartzera?
Bai, gainera egun hainbat ikerketa egiten ari dira. Horietako bat eguzki plakak leihoetan bertan txertatzean datza. Leihoek behar dugun argia pasatzen uzten dute eta ikusten ez ditugun koloreak elektrizitatea sortzeko erabiltzen dituzte.
Azkenik, hemendik gutxira ingelesez artikulu bat argitaratu behar duzula esan duzu, ezta? Zeri buruzkoa da?
Irailean aurkezteko helburua dugu, Lisboan. Bertan eginen baita “Progress in Fotovoltaics” kongresua. Nik aurkezteko eskaera egin dut baina beraiek onartu behar dute. Lehen esan bezala, beiran esfera batzuen txertaketa nolakoa den ikertzen ari naiz eta artikuluak prozesu hori nolakoa den islatzen du.