Astekoa

Azaroak errotik astintzen gaitu

Erabiltzailearen aurpegia Rebeka Mendoza Caro

Azken egun hauetan Espainiako estatu osoan egin den greba orokorra dela eta, "kalitateko etxebizitzarako eskubidearen" aldarria gure kaleetan izan dugu. Hain justu ere, ia hiru urte bete direnean "Denon bizitzak erdigunean" jarri genituenetik. Orduan, 2023ko azaroaren 30ean, azken greba feminista egin baitzen. Bertan kapitala edo etekin ekonomikoa erdigunean jarri beharrean pertsonen zaintza, ongizatea eta bizitza bera jarri behar direla defendatzen zen. Gizartearen oinarrizko lanak, etxeko lanak eta umeen zein adinekoen zaintza, besteak beste, aitortu eta balioetsi behar direla eskatzen zen. Erakunde publikoek, gizarteak eta gizonek bere gain hartu behar dutela erantzukizuna eta zaintza sistema publiko, doako eta unibertsal baten alde aldarrikatzen zen. Azaroaren 30ean kaleak hartu genituen, greba misto eta arrakastatsuan.

Egunetara, grebako aldarriak lortzeko bidean urratsak ematen hasteko, 35 eragilek Sakanako Zaintzaren aldeko ituna sinatu zuten. Eta hilabeteetara Emagin erakundea Sakanaren zaintza diagnostikoa egiten hasi zen, Sakanako Mankomunitatearen enkarguz. Diagnostiko horren berri aurtengo martxoan izan genuen eta orain bigarren fasea gauzatu behar zen, lan saioena. Zoritxarrez, etenaldian dago, ez baitugu berdintasun teknikaririk ez Altsasun ez Sakanan. Beraz, nork zaintzen gaitu?

Azaroaren 25ean beste mobilizazio egun bat izango da, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna. Iaz, Nafarroan 2.242 emakumek indarkeria matxista salatu zuten. Aurten, Erkidegoan 4.814 emakumek indarkeria matxista jasan dute eta Euskal Herri osoan 5 emakume erail dituzte. Datuek argi esaten dute: emakume izateagatik hiltzen gaituzte. Hortaz, geure burua eta gure inguruneko emakumeena zaindu beharra dugu, eta, bakoitzari dagokion esparrutik, paperean islatzen diren nahiak errealitate bihurtzen hasi.