hara zer dien

Berriz ere Portland

Erabiltzailearen aurpegia Sakana Bizirik 2026ko urtarrilaren 7a

Zementugileei mesede egiten die, gaur egun eta maila guztietan, egia non den jakiteak duen zailtasunak. Beraiek dira, gainera, nahasmendu hori sustatu dutenak, erabiltzen duten diskurtsoan "erregai alternatibo", "CO2 isuriak", "biomasa" eta antzeko termino engainagarriak txertatuz. 

Aldi berean, errazagoa da, baita ere, botatzen dituzten gezurrez ohartzea, borroka luze honetan behin eta berriz gezurrak lotsagabeki erabili behar izan dituztenean, hala egin baitute. Horren adibide, gogoratu behar da Portlandek Nafarroako Gobernuari hondakinak erretzeko egindako eskaintza, horren aurretik bere labeetan zaborrik ez zutela erreko ase arte errepikatu bazuten ere. 

Ez da kongruentziarik eza, bere jarduteko modua da. Ez zaitezte niregana "pendejada" horiekin etorri eta berriz martxan jarri gezurren estrategia osoa, esan behar izan die Slim ugazaba berriak Olaztiko zementugileei. 

Eraginpeko herrietako biztanle eta udal guztiak aurka daudela… "pendejadak". Herritarrek orain oso ondo dakitela zer den egin nahi dena eta ezin direla hain erraz engainatu… "pendejadak". Hondakinik erretzen ez bada enpresa itxiko den mehatxuak indarra galdu duela bertako oso langile gutxik lan egiten duelako, zementua ekoizteko materialak ateratzeko harrobiaren alimaleko handitzea abiatu duelako eta, gainera, gaur egun osasuna gehiago kontuan hartzen delako… "pendejadak". Nafarroi lotsagabeki lapurtzeko lehiakideekin kartelak osatu eta prezioak adosten dituztenean, lehiatu ezingo direla inork sinesten ez duelako… "pendejadak". Bihotzik gabeko multinazionalen interesak herritarren osasunaren gainetik dauden jokalekuan, bere burua irabazle ikusten duenaren jarduteko modua da. 

Halaxe sentitzen da Mexikoko diruduna eta enpresaren jabea (bere dirutza 100.000 milioi dolar baino gehiagotan estimatzen da). Eta bitartean, Nafarroako Gobernuak, beren osasuna eta baliabideak babesteko herritarrek duten borondate irmoaren defentsan, ez du ezer askorik egiten, batere ez esatearren.