Dena diruagatik

Erabiltzailearen aurpegia Sakana Bizirik 2026ko martxoaren 9a

Harrigarria da noraino iritsi daitekeen gizakion diru gosea eta gaiztakeria. Boteretsuenak dira, gainera, okerrenak. Aspaldi pasa zituzten imajina eta imajina ezin daitezkeen marra gorri guztiak. Eredu diren enpresaburuak, ordezkari instituzionalengandik lausengu gogaikarriak jasotzen dituztenak, justiziaz nola kexatzen diren ikusten ari gara. Ohituta daude justiziak oilo lapurrak gupidagabe jazarri, eta diru gehiago irabazi beste asmorik ez dutenak, genozidio ikaragarrietan esku hartzaile direnak, nola zigor gabe geratzen diren ikusten.

Aristokratak, enpresariak, presidenteak, goi karguak… Espainiako "handiak", Epsteinen paperetan nahasiak ageri direnak (Carlos Slim, munduko aberats handienetakoa eta Portland-en jabea, artxibo horietan aipatzen da), "beste mundu bat" osatzera datoz, edozein arau moralen gainetik dagoena eta gure bizitzaz erabakitzen duena.

Atzera begiratuz, orain dela urte batzuk Portlanden errausketa abian jartzearen aurka Sakanan egindako borroka inozente samarra ikusten da egungo ikuspegitik. Karguak, eta txostenak erosteko, guri lapurtzeko kartelak sortzeko eta lotsarik gabe etengabe gezurretan aritzeko gai diren harrapariak ditugu aurrez aurre, nola ez, beti diru gehiago erruz irabazteko asmoz.

Egungo egoerak alde bakar positiboa du: inozentzia bukatu dela.

Ez dezagun ezer espero, ezta ere, Portlandek hondakinak erre ahal izateko eta Olaztiko harrobia modu basati batean zabaltzeko baimena aldatzea ahalbidetzen duten erakundeengandik.

Haustura, beraz, bai inozentziarekin, bai elite agintariekin.

Herriak bakarrik geldituko du Portlandeko errausketa.