Badira urte batzuk, UPN Nafarroako gobernuan buru zenean, Portlanden errausketa egin nahi zutela eta, alderdi honen eta legebiltzarrean ordezkaritza duten gainerako alderdien arteko (PSNk puntualki bakarrik udal batzuetan, gelditzeko agindu zuen arte) norgehiagoka politiko baten eszenaratzea ikusi genuela. Gogora datorkigu Barcina, orduko presidentea, bere goi karguez inguraturik, proiektua defendatzen Olaztiko instalazioetan bertan, gainerako alderdietako ordezkariak proiektuaren aurka ageri ziren bitartean.
Bide batez, Unai Hualdek, gaur egun Legebiltzarreko presidentea denak, duela hamar urte, "gainditutako eztabaida" zela esan zuela ere gogoratzen dugu.
Orain, enpresaren jabe berriak, Carlos Slim oligarka mexikarrak, proiektuari ekin dio berriro, eta Gobernuari proiektua martxan jartzeko beharrezko baimenak eskatu eta lortu ditu.
Zer aldatu da jabe berriaz gain? Ezer ez, ez multinazionalaren asmoak, ez erabilitako taktikak (erregaia ordezkatzea!!), ez zementu fabrikako errausketaren (egia esateko koerrausketa, askoz arriskutsuagoa) eraginpeko eskualde guztien kontrako borondatea ... Ezer.
Ah, barkatu, Gobernua aldatu da. Alderdi aurrerakoiek osatutako (eta babestutako) gobernu bat dugu, lehen, oposizio zirenean, Nafarroan praktika horren aurka zeudenak, eta orain erabat bultzatzen ari direnak.
Are gehiago, espedientea tramitatzerakoan ere, ezetsi egin zituen gizarte taldeek aurkeztutako alegazioak, eta horren ondorioz, jendaurrean jartzeko epeak murriztu eta proiektu horren ingurumen inpaktuaren azterketari buruzko baldintzak sinplifikatu ziren.
Non daude orain? Aipatutakoa egiten. Izan ere, beren posizionamenduei traizioa egiteaz gain, askoz ere larriagoa dena egiten ari dira, hau da, gizarte osoaren borondatea mespretxatzen ari dira. Baina honek, berriz ere eta ezinbestean, osasunaren eta bizitzaren defentsan tinko jarraituko du.