Nabarmena eskatuz

Erabiltzailearen aurpegia

Esan genezake zerbaitek huts egiten duela, gizarte honek nabarmena dena eta logikaz, etikaz eta justiziaz jadanik gauzatua beharko zena eskatuz segitzen baitu. Baina XXI. mendeko gure Nafarroa honetan, oraindik, egoera jasanezinak pairatzen jarraitzen dugu: haurrei barrea eraginez gozarazten dituzten pailazoak debekaturik, bizi osoa lanean eman duten gure nagusiak pentsio iraingarriekin prekarietatez bizitzera kondenaturik, emakumeak egunero prekarietatearen eta indarkeriaren mehatxupean beldurrez bizitzera kondenaturik, tabernako liskar huts batengatik gazte batzuk 10 urteko kartzela zigorrera kondenaturik. 

Laburbilduz, halako egoera batean gaude, non erantzun gabeko eskaerak, bidegabekeriak eta eskubide urraketak gehiegizkoak diren. Baina, aldi berean, dagokiona eta etorkizun hobe bat eskatzeko kalera ateratzeko zalantzarik ez duen jendarte baten aurrean gaude. Eta horrelaxe eginen dugu, berriz ere, abenduaren 21ean Iruñean, gogorarazteko oraindik Estatuak salbuespeneko espetxe politika aplikatzen segitzen duela. Mezu argi bat bidali nahi dugu gizarteak horrenbeste erreklamatzen duen elkarbizitzaren alde, gizarte horren gehiengoa enpatia ariketa bat egiteko prest baitago.
 
Arrazoi politikoak direla-eta gaur egun Nafarroan 37 preso dago. 941 pertsonak osatzen dute preso horien ingurune hurbila. Horiek guztiak, bere senide eta lagun presoei bisita egin behar dieten aldi oro, zigorturik daude bidaia bukaezinetan ehunka kilometro egitera eta beharturik “bizia eta ogasuna” arriskuan jartzera, sekula abiatu behar ez zituzten bidaietan, baldin eta legea eta sen ona nagusi izan balira. Errurik ez badute, zergatik familiak zigortu, mendekuagatik eta sufrimendu gehiago eragiteko nahiagatik ez bada. 

Gizarte hau heredatu genuena baino etorkizun hobea erreklamatzen ari da, bakean eta elkarbizitzan oinarrituriko etorkizuna heldu diren belaunaldiendako. Eskarmentuak erakutsi digu irtenbideak ez direla sartzen leihoaren irekitze hutsarekin. Kaletik bultzatu behar zaie indartsu, lekua egiten bukatu dezaten. Horrexegatik da horren garrantzitsua 21ean zu Iruñean egotea, kaletik irtenbideei bultza egiteko, eta oraingoan inork leihoak itxi ez ditzan.