Covid-19ak sekulako
osasun-krisia eragin du, eta, pertsonen osasuna babesteko premia dela eta, herrialde guztiek denon bizimodua zeharo aldatu duten erabakiak hartu dituzte. Espetxeen arloan ere, nahiz eta arlo honetan aldaketak eta, are gehiago, aurrerapausoak, beti amaieran iristen diren, erabaki garrantzitsuak hartzen ari dira munduko herrialde askotan. Estatu askotan neurriak hartu dira kartzelan dauden milaka eta milaka preso aske uzteko. Zoritxarrez, ez da halakorik gertatu Espainiako Estatuko Gobernuaren kasuan. Hemen, espetxe politikaren arloan, neurri bakarra hartu da, kartzelak bakartzea, alegia.
Espainiako Estatuko 70 gizarte-eragilek baino gehiagok behin baino gehiagotan eskatu dugu, beste neurri batzuen artean, presoak aska ditzatela, hori delako neurririk onena espetxeetan Covid-19aren kutsatzeei aurrea hartzeko eta presoen osasunerako nahiz bizitzarako eskubidea bermatzeko. Alde horretatik, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) eta Europako Kontseiluko Torturaren Prebentziorako Komiteak (TPK) ere eskatu diete estatuei neurriak har ditzatela espetxeen arloan, lehentasuna espetxeetako populazioa nabarmen murrizteari emanez.
Nafarroako herritar guztiei, instituzioei, gizarte-eragile, sindikal eta politikoei dei egiten diegu bat egin dezaten Espainiako Gobernuari honakoa exijitzearekin: lehenbailehen diseinatu eta gauzatu dezan espetxe politikaren arloko plan bat, honen bidez, OMEk eta Euroapako Kontseiluko CPTk emandako gomendioak bete ditzan.
Era berean, eskatzen dugu berma dadila presoen eta haien familiakoen eta gertukoen arteko komunikazioa, bideokonferentzien doako sistema abian jarriz. Eskatzen dugu, halaber, presoen bisitak berriz has daitezela, eta, horretarako, beste espetxeetara joan-etorriak egitea baimendu beharko da, edo jatorritik gertuko kartzeletara ekarri preso nafar guztiak edo Nafarroan errotuta daudenak, gaur egun beste kartzela batzuetan preso daudenak, hala nahi badute.
Egoera honetan borondate politikoak agintzen du, eta, orain inoiz baino gehiago, borondate politikoak herritar guztien osasunaren eta bizitzaren zerbitzuan egon behar du, baita presoen kasuan ere.