#SOSPresoakCovid19

Erabiltzailearen aurpegia Sare, Etxerat, Salhaketa Nafarroa eta Altsasu Gurasoak 2020ko uzt. 10a, 08:15

Maiatzaren 19an presoen eskubideak eta, zehazkiago, osasunerako eta duintasunerako eskubideak bermatzeko neurriak ezartzeko beharra azaldu genuen #SOSPresoakCovid19 plataformatik. Nafarroako gizarteak asko babestu ditu proposamen horiek, eta estatu espainiar osoan giza eskubideen aldeko hainbat talde eta elkarterekin batera aldarrikatu ditugu.

Une hartan agerian geratu zen beharrezkoa dela kartzeletako deskonfinamendua askatasunean dauden pertsonei aplikatzen zaizkien irizpide berberekin aplikatzea. Hala ere, gaur egun, oraindik ere bi senide baino gehiago ezin dira bisitara sartu, ez dira berriz hasi aurrez aurreko komunikazioak, oraindik ere mantentzen dira nahitaezko koarentenak irteera baimenaren ondoren espetxera itzultzean… Beharrezkoa da muga eguna jartzea presoen eskubideak erabat urratzen dituzten egoera hauei.

Espainiako Gobernuak ez ditu oraindik aplikatu nazioarteko erakundeen gomendioak: COVID-19aren aurrean bereziki ahulak diren kolektiboetako pertsonak kartzelatik atera beharko dira, hala nola 65 urtetik gorakoak, gaixotasun kronikoak dituztenak, haurdun dauden emakumeak, edota haiekin batera seme-alabak espetxean dituzten emakumeak.

Ezbairik gabe, pandemia honek presoek jasaten duten zaurgarritasun erantsia azaleratu du eta agerian utzi du presoen eta haien senideen eskubideak urratu egin direla. Esan beharra dago urratze hori are handiagoa izan dela kondena haien errotze tokitik urruti betetzen ari diren presoentzat, 3 hilabete baino gehiago egon baitira beraien familiekin komunikatu gabe. Hori dela eta, ezin da ahaztu Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak sistematikoki urratzen duela presoek beren errotze tokian zigorra betetzeko duten eskubidea.

Horregatik guztiagatik, alarma egoera amaitu den une honetan, berriro ere Madrilgo eta Nafarroako gobernuei interpelazioa egiten diegu, bi exekutiboak, bakoitza bere eremutik, lanean has daitezen eta eskatzen ari garen neurriak har ditzaten lehenbailehen, hala nola preso guztiak familia edo gizarte errotzea duten espetxeetara eramatea.

Ezin dugu COVID-19aren berragertze baten eraginez berriro ere presoen eskubideak urratuak izatera arte itxaron.