Aste honetan Guardia Zibilak Ekhine Eizagirre, Kepa Arkauz eta Imanol Jaio atxilotu ditu, inongo azalpen eta zitaziorik gabe. Asteazkenean hirurak aske geratu badira ere, horrek ez dio inolako larritasunik kentzen iraganari loturiko gertakari horri.
Atxiloketa hauek onartezinak dira. Konponbide garaia da, ez akusazio zaharkitu eta korapilatsuen baitan espetxeak betetzen jarraitzekoa. Bakearen eta konponbidearen bidean atzerapauso argia izan da. Sarek salatu nahi du, batetik, Guardia Zibilaren indar erakustaldia, eta, bestetik, Auzitegi Nazionalaren jarrera; izan ere, mendekua eta sufrimendua iraunaraztea beste helbururik ez du operazio polizial eta judizial honek, eta iraganean ainguraturiko justizia baten jokabidea islatzen du, egin dutena egiteko nahikoa baitzen epaitegira joateko agindu judiziala helaraztea halako ikuskizun mediatikoa prestatu gabe.
Erabaki hau azken urteetan euskal jendarteak, hala nola, euskal instituzio, eragile, sindikatu eta alderdi politikoek adierazitako konponbide nahia zapuztera dator; auzi honi aterabidea emateko ordua da, ez korapilo berriak sortu eta sufrimendua areagotzekoa. Ulertezina zaigu, herri gisa aurrera urratsak egiten ari garen honetan, gehiengoaren nahia urteetako sufrimendu eta minak gainditu eta aurrera egitea denean, oraindik ere, atzera begira eta gorrotoak eta mendekuak bultzatuta mugitzen den gobernu baten jarrera. Nori egiten dio mesede min honek?
Egoera hau gogor salatu nahi dugu eta jaio ginenetik ditugun konpromisoetan berresten garela adierazi; bakea, bizikidetza eta konponbidea. Argi diogu, euskal preso eta iheslarien etxeratze prozesua abian jarri eta muturreraino eraman artean lanean jarraituko dugula. Horregatik, Sarek urriaren 24an Donostian eginen den manifestazio deialdia berretsi, eta guztiok parte hartzera gonbidatu nahi ditu; izan gaitezen bidea.
Konponbide garaia da! Urriaren 24an denok Donostiara!