Hara zer dien

Segi dezagun bidean, tontorreraino

Erabiltzailearen aurpegia Sakanako Sare 2021ko mai. 17a, 09:25

Aldapan gora eta aldapan behera bidea eginez. Milaka eta milaka izan gara Sare Herritarrak antolatuta 650 mendi tontorretara igo garen herritarrak. Sakanan 17 mendi tontor igo genituen bostehunen bat sakandarrek. Aldarrikapen bera: preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea, elkarbizitza eta bakea eraikitzeko. 
Izan ere, mugitzen ari da mugitzen ez zen espetxe politika. Aukera leiho bat ireki da horretarako. Balioan jarri beharrekoa. Ez nahikoa oraindik, baina egoera berri baterako urrats gisa ulertu behar dena. Jendarteak bultzatuta, urtetako lan eta borrokaren emaitza. 
Arindu zaizkie presoei zenbait neurri eta gutxitu dira senide eta lagunek egin beharreko distantziak. Gertuago daude Unai, Juan Ramon eta Luis. Euskal Herriko espetxeetan daude Asier eta Karlos. Lannemezan-en jarraitzen du Jon Gurutzek. Martxotik aske dago Oihan. Iazko abenduan astebururo 8.850 km egin behar zituzten senide eta lagunek. Egun, 2.174 km. Bada, noski badela, baina ez da nahikoa. 
Noiz eta pandemiak espetxeetako egoera okertu besterik ez duenean egin. Agintariek hartutako neurriekin espetxea gehiago isolatuz, gehiago bakartuz. Presoaren eta familia zein lagunen arteko harremana zailduz, aldrebestuz, debekatuz. 
Ezin dugu normalizatu, normala ez dena. Urruntze politikaren amaiera euskal preso guztiak Euskal herrian daudenean izango da. Aplikatzen zaien salbuespenezko espetxe politikaren amaiera, etxerako bidea oztopatzen ez zaienean izango den bezala. 
Etxean eta bizirik nahi ditugu. Bidean jarraituko dugu, aldapan gora eta aldapan behera. Jakina, gehiago bagara bide horretan, indar gehiagoz eta lehenago eginen dugu tontorrerako bidaia. 
Eta zalantzarik ez izan, zoritxarrez tontorra egin gabe bidean geratu direnek argituko digute bidea. Eskerrik asko Fran Balda!