Lau urte bete dira Sanchez presidenteak publikoki esan zuenetik Espainiako Gobernuak hiru hamarkada luzez aplikatutako salbuespeneko espetxe-politika kentzeko eta espetxe-politika arrunta ezartzeko prozesu bati ekingo ziola. Adierazpen horrek itxaropena sortu zuen euskal presoen eta haien senideen artean, baita euskal gizarteko pertsona askorengan ere.
48 hilabete pasatu dira ordutik, eta egoera aldatu da. Urruntze politika amaitzeko lehen pausoak egin dira azken urte hauetan, baita graduen progresioa ere. Baina, lau urteren ostean, oraindik ere euskal presoen %36 urruntzepolitika horren menpe dago. Eta lehen gradua amaitu den arren, bigarren gradutik hirugarrenera pasatzea edota baimenak eskuratzea 21 presori soilik onartu zaie. Kontuan izan gabe Audientzia Nazionalak baimen eta progresioen aurrean hartutako jarrera ukatzailea.
Bi hilabete igaro dira azken Euskal Herriratzea izan zenetik. Zertara dator moteltasun hau? Are gehiago, zertara dator geldialdi hau? Lege arrunta aplikatzeak berehalakoa izan beharko luke, ez dago ez argudio ez aitzakiarik salbuespeneko espetxe-politika iraunarazteko.
Eta hori gertatzen den bitartean, euskal preso horien senideek ehunka kilometro egiten jarraitu behar dute 40 minutuko bisitak izateko. Eta, beraz, euskal presoen eta haien senideen eskubideak urratzen jarraitzen dute.
Egoera hau salatzeko elkartu gara gaur hemen. Baina bereziki, hasitako bideari bultzada ematen jarraitzeko. Argi baitugu jendarte zibilaren aktibazioari esker iritsi garela honaino eta urratsak egiten jarraituz, kilometroak batuz, egingo dugula aurrera.
Salbuespeneko espetxe politikarekin behin betiko amaitzeko aukera dugu eskuartean, eta lortu arte ez gara pausatuko. Bidea egiten jarraitu behar dugu, elkarrekin, bizikidetzaren alde, bakearen alde eta salbuespeneko espetxe-politika ezarrita duten euskal preso guztiek etxerako bidea egitearen alde. Bidea egiteko gertu gaude! Etxerako bidea gertu dugu!
Dei egiten dizuegu indarrak batzera, urratsak denak batera egitera, herri, auzo zein eskualdeetara presoen gaia eramatera, urriaren 8an Donostiako kaleak betetzera. Azken batean, denak etxeratu arte, guztion artean aurrera egitera!
Eutsi goiari eta animo! DENAK ETXERA!