Unai Parot Zaballako espetxera lekualdatzearekin, urrunketa eta sakabanaketak ardaztutako aro luze bat itxi da Etxarri Aranazko preso politikoentzat. Jon Gurutz, Karlos eta Asier Martutenen daude; Luis eta Juan Ramon, Iruñean; eta Unai, esan bezala, Zaballan. Herriak kaletik eta presoak beraiek barrutik eragindako bulkada bikoitzak lortu du azkenean duela oso gutxi arte mugiezina zirudien dispertsioaren harritzarra biraka jartzea. GERTU ditugu. Orain, ETXERA ekarri behar ditugu.
Karlos urriaren 14an aterako da; Jon Gurutzek azaroaren hasieran beteko du Frantzian ezarri zioten zigorra, eta Espainiak berriro ireki dizkion auzi "zaharrek" zein norabide hartuko duten zain geratuko da. Asier Martutenen dago, espetxe politikaren eskumenaren transferentzia gauzatu ondoren, Eusko Jaurlaritzaren ardurapean. Etxera itzultzeko egiten ari den ibilbidean aurrera urrats garrantzitsuak egitea lortu du. Une honetan astelehenetik ostiralera egunero hamar orduz ateratzen da espetxetik hezitzaile gisa duen lanerako joan-etorria egiteko. Hurrengo urratsa hirugarren gradua eskuratzea beharko luke, espetxera soilik lo egitera, eta asteburuak etxean edota pultsera telematikoarekin etxean. Baldintza guztiak betetzen ditu horretarako. Unai ere Jaurlaritzak kudeatzen duen espetxe batera iritsi berri da, non pentsatzekoa den orain arte ukatu dizkioten eskubideak aitortzen hasiko direla, eta azkartu ahal izango duela bere etxerako bidea. Juan Ramon eta Luis Iruñean daude, oraindik orain Madrilen eskumenpean dagoen espetxean. Espetxe zuzendari berria izendatu dute Iruñean, eta ikusteko dago aldaketa hau onerako izango den. Legean idatzitakoa betetzeko konpromisoa hartzen badu, horrela izanen da.
Gauzak horrela, ETXERAKO BIDEA EGITEKO ezinbestekoa den indarra biderkatzea dagokigu: Herriaren konpromisoa. GERTU/PREST gaude. Urriaren 8an Donostian eginen den ekimenak inflexio puntua izan nahi du horretako. Zure indarra ere behar dugu.