Duela hemeretzi urte, abenduaren 3 batean, hil zen Sara Fernández Aranda de Dueron izandako zirkulazio istripu batean, Iruñetik 280 kilometrora; hau da, Sarak Valdemoroko (Madril) espetxean preso zegoen lagun bat bisitatzeko egin behar zuen bidearen erdian. 2004ko abenduaren 6an, Karmele Solaguren istripu batean hil zen Alcalá Mecora bere semea bisitatzera zihoala. Legea errespetatu izan balitz, Karmelek eta Sarak ez zuketen egun horretan leku horretan egon behar eta haiek eta beste 14 lagunek ez zuketen bizia galduko salbuespenezko espetxe-politika batek behartutako bidaietan. Errealitatean, Estatuak heriotza horietan duen erantzukizuna onartzea espero dugu oraindik. Ez hori bakarrik. Estatuak euskal presoei aplikatzen zaien salbuespen-politika behingoz desegitea ere espero dugu oraindik. Lehenik eta behin, presoak Euskal Herrira ekartzeko prozesua burutzea premiazkoa da, oraindik ere dozenaka senide eta lagun, astero, zapaltzera behartuta egon behar ez luketen errepideetara ateratzen dira. Une garrantzitsu batean gaude, urrats garrantzitsuak egiten ari dira, eta hortaz, urrunketa erabat indargabetu behar dugu.
Eta bigarrenik, amaiera eman behar zaio euskal presoak legearen arabera ezartzen ari den birgizarteratze ibilbidean oztopoak jartzeko politikari. Ibilbide horrek konponbide prozesua erraztu eta bizkortzeko eta bizikidetzan laguntzeko asmoz diseinatuta egon beharko luke. Ez da inola ere onargarria Fiskaltza bezalako instantzia erabakigarrietatik "ingeniaritza juridikoa" erabiltzea interes orokorrak eskatzen duenaren aurka eginez. Inoiz baino beharrezkoagoa da Euskal Herriko emakume eta gizonak modu masiboan mobilizatzea presoen etxeratze bidean jartzen ari diren oztopoak kentzeko. Ezin dugu pentsatu arazoak bulego judizialetan bakarrik konponduko direla. Ezinbestekoa da bulego horietara argi eta garbi iristea konponbidearen eta bizikidetzaren bidean aurrera egin nahi duen gizartearen oihartzuna. Horregatik, abenduko mobilizazioek eta urtarrilaren 7an Bilbon egingo den manifestazio handiak garrantzi berezia izango dute. Denon zain gaude. Lortuko dugu!