Esperantza garaietan bizi gara euskal presoen gaian. Gizartearen mobilizazioari eta ekimen politiko, juridiko eta sindikalei esker, etapak ixten joan gara, pixkanaka gauzatzen joan dadin gure leloa: ETXERA.
Herriaren ahaleginak lortu du bukatzea urruntze politikak zekarren eskubide urraketa, 34 urtetan baino gehiagotan espetxeetan ez ezik senideen artean ere hainbeste sufrimendu eragin duen politika horrek.
Beste etapa batean sartu gara: preso, erbesteratu eta deportatuak etxera itzultzeko bidea irekitzekoa: ETXERA.
ETAk jarduera armatua bukatzeko erabakia hartu eta hamabi urtera, eta bere burua desegin eta bost urte baino gehiago pasatu ondoren, ezin da jarraitu Euskal Herrian ezer aldatu ez balitz bezala.
Ez dago inolako justifikaziorik salbuespen juridikoari eusteko, eta, horregatik, konpromiso irmoa eskatzen diegu eragile politiko, sindikal eta sozialei, kartzeletan gaur egun ere pairatzen duten salbuespen egoera behingoz buka dadin.
Askotan esan dugu ez dugula pribilegiorik eskatzen preso horientzat. EZ. Legezkotasuna eskatzen dugu. Eta eskubideak aldarrikatzen ditugu. Eskubidea dutelako etxerako bidea egiteko. ETXERA Bai, etxean nahi ditugu. Eta helburu hori errealitatea izan dadin, den-denok behar zaituztegu. Hau ez da errebindikazio alderdikoia edo ideologikoa. Askatasunik gabe urteak eta urteak daramatzaten horien giza eskubideak errespeta daitezela exijitzen dugu, besterik ez.
Horregatik guztiagatik, gure eskaera da batera egitea Sakanako herrietako festen ospakizunak eta eskubide horien errebindikazioa: ETXERA. ETXERA ETA ETXERA!!