2021eko urria prozesu baten hasiera izan zen, eta ikusmin positiboak sortu zituen garai berri bati hasiera emango geniolakoan. Garai berri horretan, espetxe politika normalizatu batek bidea ireki beharko luke, euskal presoen kasuan eskubideen urraketa argiak ekarri dituzten eta eragiten jarraitzen duten hainbat hamarkaden ondoren. Beraz, eta berriro ere argi utzi nahi dugu, inolako pribilegio eskaerarekin zerikusirik ez duen aldarrikapena dela gurea.
Oro har, espetxe eskumenaren garapenari buruzko balorazio itxaropentsua helarazi nahi dugu euskal presoei dagokienez.
Ildo horretan, gogoraraziko dugu 2021eko urriaren 1etik, Eusko Jaurlaritzak espetxe politikaren kudeaketa bere gain hartu zuenetik, salbuespenezko espetxe politika aplikatzen jarraitzen dela. Duela 20 urte baino gehiago sortu eta onartutako "terrorismoaren aurkako borrokan" pentsatutako legediak jasaten ari gara, egungo egoerarekin zerikusirik ez duen legedia alegia. Bitxia badirudi ere, gaur egun, 2023ko urrian, ETAk 2011n bere jarduerak bertan behera utzi zituela eta 2018an desegin zela esaten jarraitu behar dugu. Eta hori ez da batere logikoa. ETA, JADA EZ DA EXISTITZEN.
Urrutitik, ehunka kilometrotara, fiskaltzatik eta Auzitegi Nazionaletik presoei buruzko erabakiak hartzen dituzte. Ez dakite ezer presoen benetako bilakaeraz eta ez zaie ezer axola.
Estatuko organo juridikoen jarduera blokeatzaileak sortzen duen kezka handia izanik ere, oro har aurrera egiten ari gara. Aurrerapen hori azkarrago egin nahiko genuke; izan ere, askatasunik gabeko pertsonak dira, urte askoko zigorrak betetzen ari direnak.
SAREren ustez, ezinbestekoa da, ausardiaz eta atzerapenik gabe, egoera normalizatzeko prozesu bati ekitea, bizi dugun unean kokatuta, gertatutakoaz ezer ahaztu gabe, baina behar diren neurriak hartuta, gainditutako indarkeriaren faseari behingoz bukaera emateko, min gehiago sor ez dadin.
Dinamika desberdinekin jarraituko dugu, euskal gizartearen zati gero eta garrantzitsuago batera iristea ahalbidetuko dutenak, eskubideen eremuari eragiten dion egoera honen amaierarako konpromisoaren beharra helarazteko. Giza Eskubideez ari gara. Etxera.