Arrazoi politikoengatik preso daudenak orotara ehun eta berrogeita hamar inguru dira gaur egun, eta horietatik hogeiren batek du lotura estua Nafarroarekin. Kopuru horiek ikusita, irudikatu dezakegu ez dagoela hain urruti gure herrian azken berrogeita bost urteetan elkarbizitza gehien zaildu duen arazoetako baten konponbidea.
Begirada bereziki preso nafarrengana zuzentzen badugu, datuak are argigarriagoak dira. Kartzelan denbora gutxien daraman presoak hamahiru urte bete ditu zigortuta, eta gehien daramanak, berriz, hogeita bost urte egin ditu jada espetxean. Batez beste, preso nafarrek hemeretzi urte daramatzate kartzelan.
Datu horiek erakusten diguten errealitateak zer pentsatu eman behar digu. Bi bide dauzkagu gure aurrean: salbuespeneko espetxe politika desegitea eta, horrela, behin betiko konponbideak eskura izatea epe labur-ertainean; edo salbuespen neurriekin segitzera daraman bidea, arazoa kroniko bihurtzeko agertoki baten mehatxuarekin, nafarren azken hiruzpalau belaunaldiek bizitako sufrimendua hurrengo belaunaldiari ere utzita.
Eta galdera da: nori interesatzen zaio bide bat edo bestea hartzea? Gure ustez, jakina, arazoa kroniko bihurtzea agenda autoritarioa inposatu nahi duten sektoreei baizik ez zaie interesatzen. Sektore horiek erro sendoak dituzte zenbait botere gunetan, eta tematurik daude konfrontazio politikora eramaten adostasun zabalekin landu beharko liratekeen gaiak, denon elkarbizitza eta eskubideak daudelako tartean. Eta gizartearen gehiengoak, aldiz, interesa du konponbideen agenda bat azkar eta ongi inplementatzeko. Guztion eskubideak errespetatuko dituen agenda bat, guztion sufrimendua aitortuko duen agenda bat.
Nafarroako gehiengo sozial horri dei egiten diogu bere eskuetan har dezan espetxe politikaren gaia ere konponbidean jartzeko giltza. Berandu gabe ospatu ahal izan dezagun benetako mugarri bat izango litzatekeena, euskal presoak Nafarroako politikaren ekuaziotik kentzea alegia. Denon artean badugu nahikoa indar helburu hori lortzeko.