Hiru urte… Hiru urte pasa dira, bai. Pasa dira, eta ez zaigu ahaztu; ez dugu Fran ahaztu. Oraindik hutsunea betetzea zaila. Hain handia zen ematen zuen itzala, babesa, konpromisoa, laguntasuna edo eta maitasuna… ze, hutsune horiek betetzeko motz diren bat, bi, edo eta hiru urte. Badakigu. Nekez uzten du eta herria, herria egin duenak…
Baina… bat, bi, hiru urte hauetan aurrera egin dugu preso, iheslari eta deportatuen etxerako bidean. Orduan genion garaia zela espetxeak hustutzeko, eta aukerak bazeudela horretarako. Eztabaida antzuetan denbora galtzeak ez zuela merezi, eta guk... gurera jo behar genuela... "Gu guuya, eta tira millas!". Txor txor baina bide eta helburu argiekin.
Bat, bi, hiru urte… Ez diogu oraindik konponbide oso bat eman preso, iheslari eta deportatuen aferari. Bai aurreratu, asko aurreratu dugu. Eguneroko ahalegina, eremu guztietan, hori da gakoa. Isolamenduarekin bukatu genuen lehenik, gero urrunketarekin. Ari gara espetxean dauden herrikideen etxerako bidean buru belarri. Gertuago gaude, eta azken aldapa da falta zaiguna. Amaituko dugu salbuespenarekin eta ekarriko ditugu behingoz etxera.
Bidean geratu diren herritar nekaezin horiek gogoan, segi dezagun lanean.
Fran Balda, beti gogoan!