Pello Mariñelarena Imaz Etxarri Aranatzen jaio zen (Nafarroa), 1963ko azaroaren 19an.
Telesforo eta Benitaren seme gazteena zen. Aita gidaria zen lanbidez, eta Pellok 12 urte zituela hil zen. Bestelako baliabide ekonomikorik gabe, amak udaletxean garbitze-lanak egiten atera behar izan zuen familia aurrera.
Lehen eskolak herriko monjetan egin zituen. Gero, Lakuntzako Lanbide Heziketa eskolan aritu zen, eta, azkenik, mekanikari ikasketak egin zituen Zumarragan.
16 urterekin hasi zen lanean, familiako egoeraz kezkaturik. Dirua lortzeko, denetarik egiten zuen: mendian zizak bildu, igerilekuan lan egin... Gisugile edo igeltsero hasi zen eraikuntza enpresa batean, eta, behin ofizioa ikasita, 20 urterekin, enpresa sortu eta bere kabuz hasi zen lanean. Garai hartan sartu zen ETA erakundean.
Drogak garai berean harrapatu zuen, eta, mendekotasuna gainditu nahian, Mondoñedoko (Lugo) El Patriarca desintoxikazio zentrora joan zen familiak lagundurik.
Zentroan lau hilabete zeramatzala, ETAko komandokide batzuk atxilotu zituzten. Guardia zibilak bila joan zitzaizkion, baina Pellok handik garaiz ihes egitea lortu zuen.
1990eko azaroaren 30ean, Bretainian atxilotu, eta Parisko La Santé espetxean sartu zuten. Kartzelan bi urte eta erdi zeramatzala, gaizki sentitzen hasi zen: HIESA diagnostikatu zioten. Mediku arreta egokirik gabe eta kartzelako osasun baldintza penagarrien ondorioz, hilabete baten buruan hil zen, 1993ko maiatzaren 15ean, Parisko Antoine Beclere Ospitalean, Fresnesko Ospitaletik bertara eraman ondoren.
Ihesean bizi zela, klandestinitatean bizitzera behartuta, pinturarekiko eta poesiarekiko zaletasuna piztu zitzaion. Gero, preso zegoela, idazten eta margotzen jarraitu zuen espetxean: ehun koadro baino gehiago egin zituen eta hainbat poema eta idatzi. Aberatsa da oso berak utzitako sormen lana.
Balio dezala artikulu honek, Pello inolako asistentziarik gabe eta kartzelako baldintza penagarrietan hiltzen utzi zutela gogoratzeko, Pelloren giza eskubideak azken muturreraino nola bortxatu zituzten nabarmentzeko, baina, batez ere, gaur egun, Pello bezala, salbuespenezko espetxe politika baten pean dauden euskal presoen etxeratzea aldarrikatzeko. Etxean behar ditugu!
"Gure begiek zuenetara begiratzen dute eta zuek aurrera egiten duzuen bitartean, guk ere halaxe egingo dugu" (Pello).