Udararen etorrerarekin batera, festa eta aldarrikapena uztartzen diren momentuak nonahi topatzen dira gure herrietan. Festa, musika eta dantza, gure ondoan falta direnak gogoan izateko, eta hamaika une gozo bizitzeko egunak. Festaren magian murgiltzeko gogoa badugu ere, ezin dugu ahaztu urteetako gatazkaren ondoren oraindik konpondu gabeko ondorioak ditugula, eta, jakin badakigu, oraindik ere handiak direla sufrimendu eta gatazka garaietara itzularazi nahi gaituzten inertziak.
Zinez pentsatzen dugu badela garaia. Bada garaia “ETXERA” aldarrikapen bat izatetik denon lorpena izatera pasatzeko.
Aurrerapauso bat, denok irabazle egingo gaituena. Denok gara irabazle eskubideen urraketa bukatzean; denok gara irabazle salbuespen eta mendeku politikak bukatzean; denok gara irabazle konponbideari eta elkarbizitzari ateak irekitzean.
Urrats garrantzitsuak eginda gaude gauden egoeran. Baina oraindik, salbuespen neurrien ondorioz oztopoz betea dute Unai, Popi, Luis eta Asierrek etxerako bidea. Presoen zati handi bat ari da etxerako bidea egiten: ikusi dugu Luis zenbait baimenekin kalean, hirugarren graduan eta dagoeneko espetxera bueltatu beharrik gabe dago gaur egun Asier. Esan beharrik ez dago guztiek betetzen dituztela baldintzak hirugarren graduan edo baldintzapeko askatasunean egoteko. Baina esan bezala, salbuespen neurriek oztopatzen dute oraindik etxerako bidea. Gaur azpimarra Juan Ramon Karasatorre “Popi”-ren egoeran jarri nahi dugu:
- Juan Ramonek 62 urte ditu eta 23 urte daramatza espetxean.
- 13 urteko zigorra bete zuen Frantziako espetxeetan, baina ez dizkiote urte horiek pilatu nahi. Espainian 30 urteko zigorra dauka.
- Salbuespen legerik ez balego, eta beraz, Europako irizpidea aplikatuko balitz, Frantzian betetako zigorra akumulatuta, zigorraren ¾ beteta eta 3.graduan edo baldintzapeko askatasunean beharko luke.
- Frantzian betetako 13 urteak ez badizkiote akumulatzen, 2034.urtean amaituko luke zigorra. Ordurako 33 urte eginak izanen ditu espetxean.
Hau herri gisa ezin dugu onartu. Gatazkak utzitako hainbat ondoriok sufrimendua eragiten jarraitzen dute eta injustizia horrekin guztion artean amaitu behar dugu. Egun indarrean dagoen eta zigorra eta sufrimendua behar baino gehiago luzatzen duen salbuespen legedia indargabetzea behar bat da herri gisa etorkizunari ateak irekitzeko.
Zentzu horretan abuztuaren 3an, Etxarri Aranazko Plazan, 20:00etan Salbuespena STOP! Etxera! leloarekin eginen den Sakana mailako mobilizaziora gonbidatu nahi zaituztegu.
Bukatzeko, Sakanako eragile eta herritarrei, ETXERA aldarrikapena balkoi eta jaietako txoko guztietan presente egoteko gonbidapena luzatu nahi diegu.
Salbuespen neurriak STOP.ETXERA!!