Hara zer dien

7/2014 legea. ZIGOR BATUKETA… Salbuespen neurri bat indargabetuta!

Erabiltzailearen aurpegia Sakanako Sare 2024ko urr. 28a, 08:28

Aste honetan zalaparta eragin duen legearen aldaketa horiek onartuta, normaltasuna itzultzen da edo, zehatzago esateko, duela 10 urte lortu ez zen normaltasun juridikoan kokatzen gara, garai hartan, borondate politikoak hartaratuta, legearen testuan ez baitzen jaso Europako zuzentarauak exijitzen zuena.

Eta hala egin zen preso jakin batzuek aukerarik izan ez zezaten beste estatu batzuetan, bereziki Frantzian, preso egindako denbora kontuan hartzeko, espetxean egoteko gehieneko denbora zenbatzeari begira. Legearen asmoari iruzur egin zitzaion.

Alde batera utzita gaiaren inguruan izan den eztabaida itxuragabea, alegia, legearen aldaketa alderdi politiko baten edo bestearen utzikeriaren, arduragabekeriaren edo borondatearen ondorioz gertatu den ala ez, garrantzitsuena da normaltasuna itzuli dela eta orain Espainiako Estatuak baduela transposiziorako araudi zuzen bat, Europako arauekin bat datorrena.

Alde horretatik, gogoratu behar dugu SARE sortu zenetik, duela hamar urte, gure helburu nagusia izan dela salbuespenen amaiera lortzea, eta orain gertatu denak erakutsi duela arlo politikotik, sindikaletik eta kaletik, SAREren eskutik, urte hauetan behin eta berriz eskatu duguna ez zela pribilegioak ematea, legezkotasuna eta salbuespenen amaiera baizik. 2014an helburua kalte egitea izan bazen, lortu egin zuten, legeak bihurrituz egin behar izan bazuten ere.

Hortaz, aste honetan Espainiako Gorte Nagusiek prozesua bukatu eta beren lana bete dute. Berandu bada ere, arbitrariotasuna bukatu da.

Pertsona askok bidegabeko kartzela urte askorekin ordaindu dute arbitrariotasun hori. Esate baterako, 15 bat euskal preso dira egun aske daudenak baina zenbait urte lehenago atera beharko zutenak. Juridikoki ez dago modurik pertsona horiei galdu zuten askatasunaren ordaina emateko.

Eta gaur egungo egoerari begiratuta, 52 euskal presok heldu ahal izango diote arau berriari... Esan beharra dago, halaber, erabateko gezurra dela esatea auzitegiek preso horiei ezarritako zigorra laburtzen dela. EZ. Honekin bukaera ematen zaio zigorra bi aldiz bete behar izateari.

Luzaroan itxaron dugu salbuespen arbitrarioak zekarren egoera buka zedin, eta orain behar dena da legearen aplikaziorako prozedurak azkartzea, zigorren zenbaketa egin behar duten auzitegiek prozedura horiek oztopatzeko maniobra bidegaberik egin gabe.

Etxerako bidean beste urrats garrantzitsu bat! ETXERA!