Hara zer dien

Behin betiko

Erabiltzailearen aurpegia Sakanako Sare 2025ko urt. 20a, 11:47

Mila esker denoi, berriz ere Bilboko kaleak ilusioz eta esperantzaz betetzeagatik beste behin ere euskal presoen eskubideak aldarrikatzen.

Eskerrik asko herri honetako emakume eta gizonei, argi eta ozen esateagatik preso, erbesteratu eta deportatuen egoera konpondu ezean ez dagoela normaltasunik.

Izan ere, KONPONBIDEA da elkarbizitzaren oinarria, justiziazko bakera hurbiltzeko bide bakarra delako.

Aurrera goaz. Etapak betetzen goaz. Dudarik gabe nahi genukeen baino motelago, baina ongi goaz. Aspaldi utzi genituen atzean urruntze politikak eta haiek eragiten zituzten eskubide urraketak, bakartze ziegak, lehen graduan mantentzea zigorrak bete arte. Eta berriki, gainera, garaipen bat lortu dugu blokeoari eta krispazioari eusten tematzen direnen kontra: bukatu da betetako zigorrak aintzat ez hartzea. Bukatu da presoek jasan behar izan duten zentzugabekeria juridiko nagusietako bat.

Nolanahi ere, salbuespen batzuk indarrean daude oraindik. Batetik, duela 20 urte baino gehiago, euskal gizarteak egun bizi duenaz guztiz bestelako garaietan onartu ziren legeek eragiten dituzten salbuespen neurriak, eta, bestetik, espetxeetako gestioan egunero aplikatzen direnak.

Ez dugu inolako pribilegiorik eskatzen, espetxe politika arruntaren aplikazioa baizik, salbuespenik gabe, diskriminaziorik gabe, abagune politikoaren menpe egon gabe.

Irmo adierazi behar dugu euskal presoek, 2011z geroztik, bakearen eta elkarbizitzaren aldeko urrats gehiago egin dituztela Espainiako eskuin politiko eta judizialak baino.

Gure herrian gertatu diren eskubide urraketa guztien gaineko memoria kolektiboa eraikitzeko, nahitaezkoa da kontuan hartzea baita ere estatuko terrorismoak eragin dituen hilketak, torturak eta agintearen gehiegikeriak. Indarkeriarik gabeko bakeak ez digu balio baldin eta bake horrek berekin ekartzen baditu bidegabekeriak eta memoriaren ezabaketa.

Iraganeko belaunaldiei zor diegu. Baina, batez ere, etorkizuneko belaunaldiei utzi behar diegu guk geure aurrekoengandik jaso genuena baino hobea izango den gizarte bat.