Hara zer dien

Behin betiko

Erabiltzailearen aurpegia Sakanako Sare 2025ko mar. 17a, 08:18

Azken aldian, batez ere urtarrileko Bilboko manifestazioaren ondoren, zenbait sektoreren aldetik hiru mezu mota jaso ditugu.

Lehendabiziko mezuan? Horietako batean azpimarratzen da ezen, gertatutakoaz batzuek egiten duten errelatoaren arabera, "atal bat azkarregi ixten ari da, iragana behar bezala interpretatu gabe". Ez dirudi, ordea, azkartasunaren irudi hori bat datorrenik 25 urteko kartzela zigorra beteta oraindik ere espetxean dauden preso gehienen bizipenarekin.

Bigarrena da manifestazioa ETAko presoen zuritze edo goratze ekitalditzat edo biktimak iraintzeko ekintzatzat hartzen dutenena, baina edozein tokitan jarritako kartel batek “urliak eskubidea du hirugarren graduaren aplikaziorako” esaten badu, hori justizia penalaren baieztapen bat da. Ez dago zuritzerik hor, ez dago gorazarrerik.

Eta hirugarren mezua. Horretan esan digute gure adierazpen edo deklarazio batzuk urrutiegi doazela, gurea balitz bezala hartzen dugulako gizartearen gehiengoak sentitzen duena. Ez da egia. Egiazko datu bat besterik ez dugu aipatzen. Gure gizartearen parte batek ez du nahi uler dadila isilik egotea espetxeetako arazoari ez ikusiarena egitea dela. Eta mobilizatu egiten da, jakinda ere azken urteetan aurrerapauso garrantzitsuak gertatu direla.

Finean, mugimendu horren nolabaiteko indarraren ondoan, batzuek temati segitzen dute gutxiesten euskal jendartearen gehiengo batek eskatzen duena.

Esan beharra dago jarrera horietako batzuk kezkagarriak iruditzen zaizkigula. Ez kritikaren beldur garelako, baizik eta jarrera horiek ez dutelako ekartzen gogoeta orokor bat bizikidetzaren bidean laguntzeko. Kontrakoa, ziurrenik. Frustrazioak eta beti haserre hitz egiteko modu horrek, batzuen nagusikeria etikotik, bizikidetza okertu besterik ez dute egiten, denon kalterako. Gertatzen ari dena gogoeta eginez eta lasaitasunez interpretatzeak emango digu bizikidetzaren alde benetan jarduteko esparru bat, baina, horretarako, gure herrian jasan ditugun indarkeria guztiek sortutako sufrimenduaren balorazio eta aitortza egokiagoa eta zuzenagoa ere egin behar da. Interpretazio horri esker, beharbada, aurrerapauso garrantzitsua egingo dugu injustiziarik gabeko bakea, indarkeria guztien amaiera eta egiazko bizikidetza lortzeko.