Datorren urtean ETAk bere jarduera amaitu zuela 15 urte beteko direlarik, oraindik, hainbat dira salbuespen legeak medio etxerako bidea oztopo duten euskal presoak. Puzzlea osatu arte deitu diogun ekimenean, zigorra erregimen itxian betetzen ari diren presoak eta haien herriak ardatz izango dituen ekimena burutzea dugu helburu.
Espetxe eta birgizarteratze politikak, baldintzak betetzen dituztenen kasuan, zigorraren azken urteak erregimen irekian betetzeko aukera ematen die preso guztiei oro har. Euskal presoen kasuan, ordea, salbuespen politika da bide horren oztopo eta lege arrunta aplikatuko balitzaie, euskal presoen %100ek beteko lituzke kalera irteten hasteko baldintza horiek.
Herri honetan bizi izan dugun gatazkaren ondorioen konponbidearen logikan, biolentzia ezberdinen biktimek merezi eta behar duten egia eta aitortzarekin batera, lege arrunta aplikatu eta urteetan zehar luzatu den, eta egun oraindik sufrimendua eragiten duen, euskal presoen auziarekin amaitzeko baldintzez ari gara, etorkizunari begira jarri eta elkarbizitzari ekarpenak egiteko baldintzez.
58 dira egun zigorra erregimen itxian betetzen ari diren euskal presoak, eta 29 dira preso horiek barne biltzen dituzten herriak. 29 herri horiek lotuko dituen ekimena da Puzzlea osatu arte, eta maiatzaren 17an eta 18an zehar, preso horiek etxerako bidea egitearen garrantzia da nabarmendu nahi duguna.
2 egunez, Lesakan hasi eta Iruñean amaituko den Puzzlea osatu arte ekimenean, oraindik puzzlea osatzeko falta zaizkigun zatiak puzzlean kokatzeko eskatuko dugu. Puzzlean falta diren presoei lege arrunta aplikatu eta etxerako bidea egin dezaten aldarrikatuko dugu. Baldintzak betetzen dituztelako, legeak aukera ematen duelako.
Maiatzaren 18an, arratsaldeko 18:00etan beste zita bat dugu Etxarri Aranazko plazan.
Zatoz gurekin!