Uda bete-betean gaude eta herri zein auzoetako jai eta mobilizazioak egiten ari gara urteroko gisan Euskal Herriko hamaika txokotan. Opor eta jai giroak aldarriz bustitzeko egun ezin hobeak diren hauetan, aurten ere euskal preso, iheslari eta deportatuen auziaren konponbidea izango dugu aldarri.
Oraindik ere urteetan zehar izugarrizko sufrimendua eragin zuen gatazkaren ondorioak bizitzen ari garen honetan, gure herrietan gatazka horren biktimak izan zirenen egiaz, aitortza instituzionalaz eta erreparazioaz jardun nahi dugu. Biktimek behar beharrezkoak dituzte aurrera egiteko, iraganera lotzen dituzten korapiloak apurtu eta elkarbizitza agertokietara jauzi egin ahal izateko.
2026an beteko dira 15 urte ETAk bere jarduera amaitutzat eman zuenetik eta munduan zehar gertaturiko gatazka gehienetan ez bezala, preso zein erbesteratuen auziak indarrean jarraitzen du gurean oraindik. Munduan zehar gertaturiko beste zenbait gatazketan, Hego Afrikan, Irlandan, Colombian edo beste zenbaitetan adibidez, bake prozesuak eta elkarbizitza agertokietara jauzi egiteko bideak ondorio guztien amaieraren kontestuan eman ziren, tartean, presoen auziei amaiera bateratu bat emanaz.
Gurea ez da horrelako prozesuen adibide eta oraindik orain, 126 euskal preso daude beraien zigorrak betetzen eta 18 iheslari zein deportatu daude erbestean etxera itzuli ezinik. Maiatzean egin genuen Puzzlea osatu arte ekimenean 57 euskal preso beraien zigorrak erregimen itxian ari direla betetzen mahai gaineratu genuen, guztiek, zigorrak erregimen irekian betetzeko baldintzak betetzen badituzte ere lege eta politika arruntak aplikatuko balitzaizkie.
Ezinbestekoa da etorkizunari begira eta elkarbizitza agertokietara jauzi egin nahi badugu aipaturiko ondorio guztiekin amaitzea. Ezinbestekoa da biktimek horren beharrezko dituzten egiaren, aitortzaren eta erreparazioaren bideak amaieraraino jorratzea, eta, noski, ezinbestekoa da euskal preso, iheslari eta deportatuen auziari konponbidea ematea. Lege eta politika arruntak dira bidea, horiek ezartzeko eta aplikatzeko borondatea falta da ordea.
Euskal preso, iheslari eta deportatuak etxera!