Urte hasierarekin, Nafarroan hiriburuetatik kanpo geratzen ziren azken tren geltokien leihatilen itxieraren berria izan dugu, hau da, Castejon, Tafalla eta Altsasukoak. Trenak gure erkidegoan dagoeneko murrizketa ugari jaso baditu ere, beste batekin datoz oraingoan, Abiadura Handiko Trena azkenik eraikiko balitz zain dugunaren isla delarik: tren arruntaren behin betiko bukaera.
Hauxe baita AHT martxan dagoen beste erkidego batzuetan gertatzen ari dena, ibilbide luzeko eta eskualdeko zerbitzu guztiak AHTrekin ordezkatzen dituztela, eta betiko trenbidea bakarrik merkantziak eta aldiriko trenak igarotzeko uzten dituztela, eta hori mantentzen dituztenean... Era horretan, bukaera ematen zaio lurraldeak lotzeko garrantzitsua den zerbitzu bati, baita garraio mota jasangarriagoa eta ingurumen-inpaktu gutxiagokoa erabiltzeko aukerari ere.
Trenaren bidezko garraiorako uzten duten aukera bakarra AHTkoa da. Lur tona askoren mugimendua eta tunel eta biaduktu anitzen eraikitzea eskatzen duen proiektua, hots, izugarrizko ingurumen-inpaktukoa, gure lurraldeetan lubaki berria sortaraziz. Hori gutxi balitz, eraman behar duen abiadura lortzeko energia kontsumo askoz handiagoa behar du.
Honenbestez, AHTren aurkako mugimenduak azpiegitura honen inposizioan beste pausu bat den albiste honekin gure arrangura adierazten dugu. Tren arruntari dagokion murrizketa hauen atzean dagoena, garraio eredu kutsagarri, ingurugiroarekiko suntsitzailea eta ekonomikoki jasanezina denaren inposizioa baita. Horregatik guztiagatik, gizarteari tren arrunta defendatzeko eta AHTren aurka borrokatzeko antolatzen diren mobilizazio guztietan parte hartzeko deia egiten diogu, adibidez urtarril bukaeran eta otsailean plataformak egingo dituenak.