Badira hiru aste Altsasuko Hiri Ihote egunean Sakana Trenaren Alde AHTrik EZ plataformak bere txosna jarri zuela herriko plazan, festa giroa pizteko asmoz eta baita sosa batzuk ateratzeko ere. Izan ere, auzo lanerako prest dagoen jende askoren laguntzarekin kontatu dezakegun arren, hala nola, txosnaren muntaketan edota barrako txandak egiteko, ekarpen ekonomikoaren beharra ere badugu.
Horregatik, bihotzez eskertu nahi dizuegu, “erromatar”, “kabaretera”, “koronoabirus” eta bestelako mozorro dibertigarriz gure girora hurbildu zineten guztiei, tragu batzuk hartzera edota dantza egitera. Zuen ekarpenari esker AHT-ak gure eskualdean eragingo lituzkeen ondorioak zabaltzeko eta hauetaz ohartarazteko lanean jarraitu dezakegu.
Ekintza dexente ditugu aurten eskuartean. Agian goizegi da detaile asko emateko baina, dagoeneko, esan dezakegu pausoak eman ditugula AHT-aren obrek eragingo luketen sarraskia Sakanako herri askotan irudien bitartez ezagutarazteko. Herrietan informazio panelak jartzea aurreikusten dugu.
Era berean, dokumental bat egiteko asmoa ere badugu. Bertan, azpiegiturek suposatuko luketen suntsipena erakusteaz gain, Abiadura Handiko Trenari buruz Europako beste herrialdeetan egin dituzten hausnarketak eta ikuspegiak ezagutaraziko dira, baita gai hau arlo ekonomiko, sozial eta ingurumen aldetik sakonki analizatu ere, adituen eta datu ofizialen eskutik.
Beraz, egun hauetan emandako laguntza guztia eskertu nahi dizuegu, hori gabe ezin baitugu borroka hau bizirik mantendu. Egon adi, udaberrian hainbat deialdi egingo ditugu eta, zuen parte hartzea ezinbestekoa izango da. Eskerrik asko berriz ere zuei guztioi!