Koronabirusaren pandemiak ekarritako aste gogorren ostean, eta ziurgabetasunaz betetako etorkizuna aurrean dugula, erakundeei egoeraren neurriko erantzunak eman ditzatela eskatzen diegu, iraganeko akatsak errepikatu ez daitezen. Nazioarte mailako herrialde gehienetan diru funtsa publikoak nolabaiteko logika soziala jarraituz bideratu diren heinean, Estatu Espainolak harrokeriaz hauspotu ditu aireportu, autobia eta beraientzat harribitxia den Abiadura Handiko Trena bezalako milioi askoko proiektuak.
Horregatik guztiarengatik, ez da alferrikako gastuen garaia, bai ordea instituzioek erantzukizunez jokatzekoa, AHTaren proiektuak bertan behera utziz. Egun, Espainiar Estatua munduan aitzindaria da milioi biztanleko Abiadura Handiko Trenaren kilometroetan. Hori gutxi balitz, Nafarroako Foru Komunitatean eta Euskal Autonomia Erkidegoan 15.000 milioi euroko aurrekontuarekin dira obra berriak hasteko.
Bitartean koronabirusak eragindako krisiak langileriaren ekonomia prekarioa suntsitzen darrai eta gobernuek aurreikusitako laguntzak lotsagarriak dira AHTari bideratuko diruarekin alderatzen baditugu. Kulturgintzako profesionalei zuzendutako 2,5 milioiak AHTaren 83 metroren baliokideak dira. Nafarroako Ospitale Gunean eraikiko den Laborategi Bateratuarendako erabiliko den dirua, AHTaren 656 metrok behar duten adina da. Eta Iruñea-Gasteiz konektatuko lukeen trenbidearen kostuarekin Eibarren berriki eraikitakoa bezalako 32 ospitale egin zitezkeen.
Gobernuek arduraz jokatzeko garaia dela deritzogu, eta izatekotan, obra faraonikoetarako dirua krisiaren ostean xahutzea. Arrazoi hauengatik datorren astean publikoa egingo den "ORAIN ARDURA" manifestua bultzatu dugu eta Sakanako herritar, talde eta eragileak manifestua euren sinadurekin babes dezaten animatzen ditugu.