Arestian, Sustrai Erakuntza Fundazioa Nafarroako Parlamentuan egon da bertako alderdi politikoei Abiadura Handiko Trenak merkantziak eramateko dituen zailtasun handiak zeintzuk diren azalduz.
Abagunea aprobetxatu zuen Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak (AIReF) azpiegitura honi buruz egin berri duen azterketa aipatzeko. Espainiar Estatuak sorturiko instituzio honen arabera, AHT ez da ez sozialki ez ekonomikoki errentagarria, eta horregatik, aurreikusitako makina bat linea ez zen egin beharko.
Honela, Nafarroan eraikuntzaren lehen hastapenetan dagoen azpiegitura baten aurrean gaude, eta azterketa horien arabera, ez zen eraiki beharko. Eta gainera, hainbat gobernuk azpiegitura hau egiteko darabilkiten argudio nagusienetako bat, merkantziak abiadura handian aterako dituela, ez dator bat errealitatearekin.
Burugabekeria honen aurrean, alderdi politikoek hausnartu beharko lukete azterketa horiek egokiak diren edota zenbakiak koadratzen ote duten. Eta egun horretan AHT defendatzen duten alderdien aldetik jaso genituen erantzunak, ordea, betikoak izan ziren, langarra nola erortzen den aditzen egonen balira bezala. Auzitan jarri genituen arloak ez zituzten aipatu nahi izan, gure zalantzak erantzuteke utzi zituzten eta gaur egungo egoera sozio-ekonomikoa ez zuten aintzat hartu nahi izan.
Betiko argudioak erabili zituzten: AHTk Europarekin lotzen gaituela, Nafarroako merkantziak garraiatzeko balioko duela... Berdin zaie dagoeneko hainbat erakunde publikok zalantzan jarri izana hau guzia, berdin zaie Jose Luis Abalos Garraio Ministroak AVEn inbertitzen dena murriztu eta Aldiriko Trenetan gehiago inbertitu behar dela esan izana…
Guri dagokigunez, Plataformatik errealitateaz informatzen jarraituko dugu, eta ahal badugu, alderdi horiek errealitatea onartzen joan daitezela saiatuko gara, kosta ala kosta.