Aurrekontuak edozein gobernuk bere jarduera egin dezan ezinbesteko tresna dira eta horiek gabe ez dago politika instituzionalik egiterik. Aurrekontuen garrantzia, beraz, eztabaidaezina da eta horregatik herri mugimendutik alderdiei eskaerak egitera goazenean erantzun beretsuak jasotzen ditugu beti: "zuen eskaerak oso kontuan hartzekoak dira baina hauek eskakizun sektorialak dira, gutxiengo batek babesten dituenak, zuenak baino lehentasun handiagoak daude, gehiengoaren intereseko gaiak lehenetsi behar ditugu, gai horiek aurrekontuetan txertatzeko nahikoa indarrik ez daukagu, kalean indar gutxi daukazue..."
Tira, realpolitik-a da hau eta ez gara kexatzen ari. Euskal Herrian herri mugimenduak hainbat alderdi eta sindikaturekin harreman onak dauzka eta gauza askotan elkarlana dago.
Kontua da, gure eskaerak atzera botatzeko urteetan argudiatu dizkiguten arrazoiak, arestian esan ditugunak, hori guztia, pikutara doa gaur egun bizi dugun larrialdi klimatikoaren harira.
Eskuin muturrak salbu, beste sektore ideologiko guztiek bat egiten dute gaur egun bizi dugun egoera oso larria dela esateko. Izatez, munduko gobernu, erakunde eta zientzia elkarte gehienek onartzen dute larrialdi klimatikoa eta ados daude neurri zorrotzak hartu behar direla. Horregatik 2015ean Pariseko Protokoloa onartu zen, baina hori bete beharrean berotze efektua gora doa eta Estatuko gobernu koalizioak, inoizko aurrerakoienak, emergentzia globalari bizkarra eman dio eta bere zilborrera begira, sektorialki (Espainiar Estatua) jokatu du, gehiengoaren (munduko biztanleen) interesen aurka eta lobby zehatz batzuen interesak babestuz.
Larrialdi egoera honetan Abiadura Handiko Trenari 5.000 milioi euro emateak eta bestelako azpiegiturak bultzatzen jarraitzeak berotze globala handitzen du gizateria amildegira bultzatuz.