Azken urte hauetan, luze, Espainiar Estatuak bere trenbideetako politika AHT lineak eraikitzean oinarritu du. Honek, jakina, kostu ikaragarria suposatzen du, kasu askotan trazatu berriak eraikitzea ekartzen baitu, dagoeneko trenbide lineak badiren tokietan. Honen ondorioz, gaur egungo trenbidearen pittekako bazterketa gertatzen hasten da eta aldiriko nahiz distantzia erdiko bidaiarien garraioa baztertua gelditzen da. Hau guztiagatik, Espainiako Erreinua da munduan AHT linea gehien dituen herrialdeetako bat, eta bidenabar, trenbidearen finantziazioan zorpetze maila handiena daukana.
Zorionez, azken aldian politika honen aldaketa xume baten aurrean gaudela ematen du. Errioxan naiz Aragoin burdinbidearen hobekuntza proiektuak onartzen hasi dira. Arestian aipaturiko bi kasuetan bideak hobetzen eta egokitze lanak egiten ari dira bidaiari naiz merkantziak mugitzen jarraitzeko baina baita ere Prestazio Handiko trenak bertatik gaur egun baino abiadura handiagoan pasatu ahal izateko. Era berean, merkantzien garraioa sustatzen ari dira, bazterbideak handituz eta merkantzia tren luzeagoen joan etorriak ahalbidetuz.
Proiektu berri hauen inguruan jakin izan duguna Sakana Trenaren Alde Plataformak betidanik aldarrikatu duenarekin antza handia dauka: gaur egungo trenaren hobekuntza eta mantentzea, honela, merkantzien nahiz bidaiarien garraioa ahalbidetzen da eta herriak, hiriak eta industri guneak batuz lurraldea kohesionatzen da. Baina, era berean, ibilbide luzeko bidaiak sustatzen dira hain kutsakorra den bideberriko garraioa pitteka-pitteka txikituz.
Mota honetako proposamenek AHT linea berriek suposatzen dituzten kostu izugarri horiek baina askozaz merkeagoak izaten dira. Eta hau gutxi balitz, gure bailaretako ekosistemak eta lurraldearen egonkortasuna gordetzen laguntzen dute. Hauxe da, beraz, Nafarroako Gobernuak ekimen mota hauen aldeko apustua egiten hasteko unea.