Pasa den maiatzaren 7an trenbide sektoreko sindikatuek idazki bereziki garrantzitsua aurkeztu zuten Nafarroako Gobernuko erregistroan eta Iruñeko Espainiako Ordezkariordetzan. Egun berean, gauza bera egin zuten Gasteizen eta Burgosen.
Aurreneko aldiz, AHTren aldeko hautua egin izan duten sindikatuek abiadura handiko trena plataforma berri baten beharrean, gaur egungo trenaren ibilbidetik etor dadila eskatu diete Nafarroako eta Madrilgo gobernuei. Honekin batera, Nafarroan bide bakarreko trenbidea behingoz bikoiztu dadila, tren zerbitzuen maiztasunak handitu daitezela eta azken urteetan galduriko lanpostuak berreskuratzea eta itxitako geratokiak birzabaltzea eskatu dute.
Ikuspegi berri hau gailenduko balitz, Nafarroan erabat azpierabilia dagoen tren sarea asko indartuko litzateke. AHTren mehatxupean bizi garen eskualdeak tren plataforma berri bat saihestuko genuke eta dagoeneko eraikita dagoen betiko trenbide korridorearen hobekuntza eta bikoizketa bat eginen litzateke zerbitzuak handituz, lanpostuak berreskuratuz eta ixten joan diren geltoki eta geratokien irekiera erraztuz.
AHT proiektuak 3.000 milioi euroko aurrekontua dauka geltoki berriak sartu gabe. Betiko tren sarearen hobekuntza eta doitzea aurrekontu horren %20 batekin egin liteke oso denbora gutxian. Mundu mailako larrialdi klimatikoan gauden honetan, azpiegiturak egoera berrietara egokitu eta beti eskasak diren aurrekontuak gizartearendako benetan ezinbestekoak diren zerbitzuak eskaintzera bideratu behar dira.